Hasi dituzte mendebaldeko saihesbideko lanak

Txomin Madina Milikua 2008ko eka. 25a, 18:07
Aldundiak 24 hilabeteko epea jarri du lanok burutzeko, eta hiru egitura nagusi izango ditu: Olandixoko tunela, bi biribilgune berri eta Aramaio ibaiaren gainetik igaroko den zubia.

Debagoiena eta Aramaioko bailararen arteko lotunea hobetzeko helburuarekin GI-2620 errepidearen Arrasateko mendebaldeko saihesbidea egiteko obrak hasi ditu ofizialki gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Tecsa, Obras Subterraneas eta Campezo enpresek osatutako aldi baterako enpresa batasunak egingo ditu obrak, eta obra zuzendaritzaren laguntza Geoconsult enpresaren ardura izango da.

Bi kilometroko luzera izango du saihesbideak, eta Mugarriko zubiaren ondoko biribilgune berrian hasiko da, Aretxabaleta eta Arrasateko arteko mugan. Hasierako zatia mendi magalaren erdialdean barrena doa eta punturik garaiena ibar batzuen ondoan izango du. Jarraian beherantz doa Olandixoko tuenelean sartzeko.

Olandixoko tunela

Olandixoko tunelak 860 metro izango ditu eta %2,5eko malda. Larrialdi kasuetarako, pertsonak irteteko galeria bat izango du baita beharrezkoak diren segurtasun eta kontroleko gainerako instalazio guztiak ere. Tunelaren irteeran, saihesbideak Aramaio ibaia zeharkatuko du zubi berri beti esker, eta handik jarraituko du GI-2620 errepidera iritsi arte. Biribilgune berri batekin amaituko da saihesbidea.

Ofizialki lanak gaur  hasi diren arren, oraindik ez da mugimendu handirik nabaritu saihesbide berriak hartuko dituen lurretan. Aldundiak  bi urteko epea jarri du lanak amaitzeko eta aurrekontua, 41 milioi euro da.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak