Hasi dira greban Iturbide egoitzan

Ubane Madera 2009ko martxoaren 24a

Iturbide egoitzako azpikontratatutako langileak hasi dira iragarritako mugagabeko greba egiten. Egoitzatik jakinarazitakoaren arabera, azpikontratatutako 33 langileetatik lauk egingo dute egun osoko greba, esandako moduan, gaurtik hasita.

Bestela esanda, Untza enpresako erizain laguntzaileek ohiko zerbitzuaren %70 emango dute. Hori horrela, Iturbide egoitzan lanen banaketa berria egin behar izan dute egoiliarrengan ahalik eta eraginik txikiena izateko.

ESK sindikatuak iragarritakoaren arabera, Udalaren eta egoitzako azpikontratatutako langileen artean adostasuna lortu arte segituko dute greba horrekin.

Gogoan izango duzuen moduan, Iturbide egoitzako azpikontratatutako langileak, erizain laguntzaileak, mobilizazioak egiten hasi ziren otsailean, gura dutelako eskuratu parekotasuna Iturbide egoitzan dauden Udal langileen lan baldintzekiko.

Arrasateko Udalak egindako eskaintzaren arabera, berriz, parekotasuna barik, 4 urtean Iturbideko azpikontratatutako langileei soldata %30 igoko liekete. Gertuago begiratuta, 2009an %10eko igoera izango lukete.

Momentuz, beraz, adostasunik ez dago Udalaren eta azpikontratatutako langileen artean, eta greban jarraituko dute.




ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak