Hasi da gripearen kontrako txertoak ipintzeko kanpaina eta azaroaren 15era arte iraungo du

Miren Arregi Amasorrain 2008ko urriaren 1a

Hasi da gripearen kontrako kanpaina. Azaroaren 15a arte, Arrasateko anbulatorioan astelehenetik egubakoitzera egingo dira txertaketak aurrez txanda hartuta eta datorren astelehenean hilaren 6an hasi eta hilaren 10era arte, Arrasateko San Andresen, Abaroan, eta uribarri, Santamaina eta Musakola auzoetan ere egingo dituzte txertaketak.


Iritsi da udazkena eta horrekin batera hasi da gripearen kontrako txertaketa kanpaina. Osasunez ongi dabilen pertsona batentzatm gripeak ez du askorik suposatzen, baina, pertsona helduetan eta gaixotasun kronikoak dituzten gaixoetan, ondorio kaltegarriak eragin ditzake. Horregatik, kolektibo horiei, txertoa hartzea gomendatzen diete; gomendatu, izan ere, ez da nahitaezkoa baina hartzearen garrantzia azpimarratzen dute. Hain zuzen ere, 65 urtetik gorakoei eta gaixotasun kronikoak dituztenei, hala nola, diabetesa edo bihotzeko, birikako, giltzurruneko gaixotasunak dituztenei aholkatzen zaie txertoa hartzea.

Talde horiez gain, osasun alorrean lanean dihardutenei ere aholkatzen zaie txertoa hartzea eta zaharren egoitzatan zein osasun arloko instituzioetan ere bai. Baita gaixoen zaintzaileei ere. Izan ere, helburua ez da horrenbeste gaixotasuna saihestea, hori ezinezkoa baita, baina bai konplikazioak eta gripearen tamaina arindu eta batez ere transmisioa gutxitzea.

Adituek ez dakite aurtengo gripea nolakoa izango den, izan ere, eurek diote hori jakitea ezinezkoa dela, urtero aldatzen delako gripearen birusa. Txertoak, bestetik, urteko kasu kopuruaren eta motaren arabera diseinatzen ditu Osasunaren Mundu Erakundeak.

Gaur hasi da kanpaina, eta dagoeneko jende mordoa joan da Arrasateko anbulatoriora txertoa hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak