Harrobien eta AHTren gaineko herri-galdeketak gura ditu Aralarrek

Ubane Madera 2008ko uzt. 16a, 20:13
San Josepe harrobia dela-eta, Arrasateko Aralar alderdiak ere salatu du udal gobernuaren jarrera, joan den astean EB-Zutik eta PP alderdiek egin zuten moduan.

Aralarrek emandako datuen arabera, “San Josepeko harrobiak 1995. urtetik aurrera, 19 sektorea gune industrial moduan birkalifikatzeko hitzarmena sinatu zenetik, momentu oro gura duena egin du. Eta agian batek baino gehiagok pentsatuko zuen ANV-EAE udalean izaki, egoera aldatuko zela, baina ez da horrelakorik gertatu”. Emandako xehetasunen arabera, “1997ko apiriletik 2003ko abenduaren 15a arte harrobi horrek 2.065.629Tn material ustiatu zituen, aurretik adostu zena baino 385.629Tn gehiago (+%23)”.

Udalatxeko harrobia

Eta, San Josepe harrobiaren gaineko salaketarekin batera, Udalatxeko harrobiaren egoera ere salatu du Aralarrek:  “Udalaitz harrobia ere ahaztu egin omen dute. Non gelditu dira “Udalatx ez zulatu” zioten pankarta eta oihuak? Egiten ari diren meategiaren jarraipenik egiten al du inork? Agian AHTari bidea erraztu nahian dabiltza…”

Herri-galdeketa

Bada hori ikusita Aralarrek proposatzen duena da herri-galdeketa egitea, harrobiaren gainean “adibidez ustiaketa mota hori gustatzen zaigun, komeni zaigun…” Eta trenaren gainean ere galdetzea proposatzen du: “Nire ustez demokrazian komeni da galdeketak egitea eta horretarako ohitura sortzea, nahiz eta gero hartu beharreko erabakia gustuko ez izan, hori ere gerta liteke-eta”, aditzera eman du Joxe Etxeberria bozeramaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak