Goizeko hamarretan hasi dira; bi multzo ezberdin egin dituzte, multzo bakoitzean lau talde eta bakoitza begirale espezializatuekin. Errugbiarekin zerikusia duten jolasak egin dituzte hasieran; ondoren, begiraleek errugbiko oinarrizko arau eta jokaldi batzuk azaldu dizkie eta amaitzeko norgehiagoka ezberdinak jokatu dituzte multzo bereko lau taldeek beraien artean. Talde bakoitzean 9-12 gaztetxo egon dira.
Lehen multzoan Bera-bera, Ordizia A, Irun eta Att. San Sebastian taldeak zeuden. Horiek 15 minutuko zati bateko partiduak jokatu dituzte. Bigarrenean, Hernani, Ordizia B eta Eibar. Horike, berriz, 15 minutuko bi zati. Arrasateko taldekoek ez dute talde oso bat egiteko nahiko gaztetxo eta Att.San Sebastian taldekoekin batera aritu dira. Klaudio Merchan, Arrasateko Errugbi taldeko kirol koordinatzaileak azaldu digunez: "Arrasaten zazpi gaztetxo ditugu errugbi eskolan; lau infantilak eta beste hiru txikiagoak– kadete mailan hamar gazte daude eta bi gazte mailan–. Normalean gaztetxo horiek domeka goizetan elkartzen dira errugbian ikasteko eta praktikatzeko".
Aurtengoa bigarrena
Aurtengoa da Arrasaten ospatzen den bigarren bilgunea. Merchanek adierazi duen bezala: "Bilgune horiek bi astero behin edo hiru astean behin egiten dira. Oso positiboa da horrelakoak egitea adin horietako gaztetxoendako errugbia ezagutzen joateko eta beste herri batzuetako jokalariekin batera jokoan aritzeko".
Horretaz gain neska mutikoak errugbi mundura hurbiltzea lan handia dela adierazi digu Merchanek eta orain errazagoa izan daitekeela hori Mojategin, –Atxabalpeko zelaia baino hurbilago dago– eta zelaiaren egoera ere egokiagoa delako. Merchanek amaitzeko inguruko gazte guztiak animatu nahi ditu errugbi eskolan parte hartzera. "Bertan 9-12 urte bitarteko gazteek eman dezakete izena. Ordaindu beharreko urteko kuota 30 euro izango da. Domeka guztietan 10:00etatik 11:30etara Mojategira hurbildu daitezke".
Asteburuko errugbiko emaitzak
Asteburuan jokatutako partiduetan zorte ezberdina izan dute Arrasateko taldeek. Senior mailako neskek ezin izan zuten Getxo talde indartsuaren aurka ezer egin zapatuan jokatu zuten partiduan, eta 94 eta 0 galdu zuten. Arazoak izan zituzten taldea osatzeko lesio ugarirekin dabiltzalako, nahiz eta hasierako 20 minutuak ederki eutsi zien talde bizkaitarrari, ez baitzioten utzi punturik lortzen. Hortik aurrera Getxoko taldea nagusitasun osoarekin gailendu zen. Senior mailako mutilek, berriz, nagusitasuna erakutsi zuten Arratiako Txekorrak taldearen aurka Mojategin eta 43 eta 3 irabazi zuten. Pasa den astean puntu bakar bategatik galdu ondoren, zapatuko partiduan kontzentrazio osoa erakutsi zuten eta maila onean jokatu zuten norgehiagoka. Durango taldearekin jokatzen duten kadeteek, berriz, 31 eta 17 galdu zuten Universidad Bilbao taldearen aurka.