Harremanek 4.000 euro bideratuko ditu Indiara

Mirian Biteri 2008ko eka. 15a, 19:39
Gobernuz Kanpoko Erakundeak oso pozik daude zapatuan Arrasaten egindako Elkartasun Egunak izandako harrerarekin. Aurten 4.000 bat euro lortu dira. Indiako Ankur umezurtz etxera bidaliko dute diru kopuru hori.

Seber Altube plazatik pasa zirenek, mota askotariko erakundeen lanaren gaineko informazioa jaso zuten, hala nola, Arrats, Nagusilan, Sos Arrazakeria eta Zero Pobrezia. Sahararren alde lan egiten duen Nubi elkartea ere han izan zen, karpa batekin. Hango ohiturak ezagutaraztera eman zituzten horretan, te-katilua esku hartzean izanda.

Ondoan, Harreman taldekoak zeuden, tonbolarako txartelak euro baten truke saltzen. Txartel guztiak -4.000 zenbaki- saldu zituzten. Guztira, 139 opari zeuden banatzeke. Batzuk loreekin itzuli ziren etxera; beste batzuk, berriz, koloniekin edo jostailuekin.

Zenbaki saridunak

Urtero bezala, saririk ez zuten txartelen artean zozketa egin zuten arratsaldean. 1368 zenbakidunak hiru eguneko bidaia irabazi du Asturias edo Kantabriako landetxe batera; erreserba zenbakia, 3483 da. Gainera, 1239 zenbakia duenak bizikleta bat irabazi du; hori agertu ezean, 0680 zenbakia duenak jasoko du oparia. Etxenagusiak, horren harira, eskerrak eman nahi izan dizkio Ibai-Arteko merkatariei, Eroski Bidaiakeri eta Ume dendakoei, produktu guzti horiek eskaintzeagatik.


Tonbolako txartelak saltzen ari ziren ondoko postuan, bidezko merkataritzako denda zegoen jarrita; eta handik metro gutxi batzuetara, Elkarhezitzen taldekoak jendea erakartzen saiatzen ziren, euro solidarioaren jolasean parte har dezan.

Aldarrikapenaz gain, dibertsiorako astia ere izan zen Seber Altuben. Eguerdi partean, Zaramasamba perkusio taldekoek inguruneak alaitu zituzten. Arrasatear asko ibili ziren horien atzetik, gorputza astintzeko asmoz. Eguraldiak, gainera, horretan lagundu zuen. Arratsaldean, berriz, umeek izan zuten protagonismo osoa. Txatxilipurdikoek jolasak prestatu zituzten etxeko txikiendako. Etiopian kafearekin gertatzen ari dena jorratzen duen Urre Beltza izeneko dokumentalarekin eman zioten amaiera egunari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak