Kuraia eta El Corazon del Sapo taldeetan abeslari izandako Fer Apoak sortutako Estricalla taldearen kontzertua entzuteko aukera egongo da gaur Gaztetxean. Euskal Herrian emango duten bigarren kontzertua izango da. Kontzertua 22:00etan hasiko da. Estricallaz gain, gaur taula gainera igoko dira: Blitztraktor alemaniarrak eta Arrasateko Material Rechazado eta Fight to life.
'Gimnasia revolucionaria'
Fer Apoarekin batera Kantabriako Kloakao taldeko musikariak daude. Sei kantuz osatutako binilo disko bat kaleratu berri dute, Gimnasia revolucionaria izenarekin. Hardcore azkarra eta amorru handikoa egiten dute. Esan behar da, abesti batzuk euskaraz daudela; izan ere, Fer Apoa zaragozarra izan arren azken urteak Euskal Herrian eman ditu. Abestien hitzetan lagundu du Xabier Silveirak, eta Bap! eta Inoren Ero Ni taldeetako Enekok abesti batzuetan ahotsak sartu ditu; horrez gain, El Corazon del Sapo taldeko Guillermok gitarra batzuk grabatu ditu Gimnasia revolucionaria lan berri honetarako.
Berlinetik arrasatera
Blitztraktor taldea punk-hardcore musika egiten duen Berlineko taldea da. Euskal Herrian zehar bira bat egiten dabiltza, eta Arrasateko Gaztetxean ere izango dira aspaldiko oroitzapenak gogoratzeko. Izan ere, Blitztraktor taldean Euskal Herrian ibilitako Fuck You Crew eta Ao Wollok bezalako taldeetako kide ohiak daude.
Arrasateko bi talde
Arrasateko Gaztetxeko taula gainera herriko bi talde igoko dira: Material Rechazado eta Fight to life. Material Rechazado punk taldea da, Eskorbuto eta RIPen espiritua daukatenak. Cárceles de asfalto diskoa atera berri dute.
Figh to life Arrasateko street-punk taldea da. Gorde (ahotsa), Julen (gitarra), Vito (baxua) eta Igorrek (bateria) osatzen dute taldea. Euren musikan eragina izan duten taldeak izan dira, besteak beste: Cock Sparrer eta Zakarrak.