Hamlet-en zuzenekoak 3 aretoa astinduko du zapatuan, 23:00etan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko mar. 18a, 21:06
Aste bukaera luze honetan ere Arrasateko 3 aretoak ez du deskantsurik hartuko. Zapatuan, gainera, talde mitiko bat ekarriko dute gurera; Espainiako heavy metalaren talde ezagunenetako bat den Madrilgo Hamlet taldea, hain zuzen. Boskote madrildarra 'La puta y el diablo' (2009) azken diskoa aurkeztera dator.

Ibilbide luzea egin du taldeak, eta 1987an jotzen hasi  ziren arren taldeak 1993an kokatzen du hasiera urte ofiziala. Ordutik aldaketa dezente izan dituzte taldekideen artean. Dagoeneko Javier Gomez eta Pedro Sanchez baxu jole ohiak, Javier Rocaverti eta Pablo Gianni bateria jole ohiak eta Pedro Sanchez gitarra jole ohia taldearen historiako izenak dira. Aldaketak aldaketa, baina, taldeak ez du bere esentzia galdu. Orain, Jose Molinero abeslariaren –J. Molly ezizenez ezaguna– gidaritzapean, Luis Tarraga eta Alberto Martin gitarra joleak, Alvaro Tenorio baxu jolea eta Paco Sanchez bateria jolea dira lekukoa hartu dutenak. Ondo hartuta, gainera.

Estiloen arteko bilakaera
Doinu gogorrak, erritmo azkarrak eta eszenaratze basatia. Horrela definitu daiteke boskote madrildarra. Hala ere, 17 urteotan nabarmen heldutu dira musikalki, eta atera dituzten diskoetan hard-rocka –hasierako urteetan–, metal alternatiboa, hard core-punka eta rap-metal doinuak atzeman daitezke.
Arrasateko 3 aretora La puta y el diablo –2009ko apirilean kaleratu zuten– izeneko azken diskoarekin datoz. Emanaldia, aretoaren ohitura bihurtu denez, 23:00etan hasiko da. Sarrera aurrez 12 euro ordaindu beharko da eta leihatilan, berriz, 15 euro.

Infernoise, gonbidatu bikaina
Hamlet ez da gauerdia ondo sartu arte hasiko, aurretik Infernoise taldeak joko du-eta. Gonbidatu bikaina da, talde protagonistarekin harreman estua du; batera biran datoz . Estilo aldetik, antzeko izango da; erritmo azkarrak eta egurra. Finean, tximak ondo astintzeko gaua izango da etzikoa.

'La puta y el diablo', sustraietara itzulera

Hamlet-en ibilbidea 1993an hasi zen, hori hartu dute hasiera urtea moduan; 2008an 15. urteurreneko bira egin zuten. Lehen diskoa Sanatorio de muñecos izan zen, 1994an argitaratua. Eta ordutik estudioko 11 disko grabatu dituzte; azkena, iaz kaleratu zuten La puta y el diablo. Disko horrekin datoz, hain zuzen, Arrasatera. Alberto Martin gitarra jole berriarekin atera duten disko bakarra da eta lan horrekin taldearen sustraietara bueltatu direla esan daiteke. Hori bai, hasierako urteetan baino disko landuagoa da teknikoki, baina ahotsaren oldarkotasuna eta bateriak ezarritako erritmo azkarrek lehen diskoa dakarte gogora.
Hitzetan agonia, sufrimendua eta gorrotoa atzeman daiteke. Bestalde, abesteko eran eta gitarraren soinuan ildo berriak bilatu dituzte, baita aurkitu ere. Diskoa aurkezteko bira AEBn eta Europan egin zuten.

Abeslaria eta Pilar Rubio, bikotekideak

Hamlet zuzenean ikusteko aukera izateaz gain, Espainiako prentsa arrosean albiste garrantzitsua izan den bitxikeria bat ere badu talde mitikoaren bisitak. Izan ere, Hamlet-eko abeslari eta frontman den Jose Molinero –J. Molly ezizenez ezaguna– eta Pilar Rubio bikotekideak dira.
Espainiako La Sexta telebista kateko Se lo que hicistes saioan egin zen ospetsu aurkezle madrildarra eta egun Telecincon dihardu. Dirudienez, zortzi urte daramate elkarrekin. Nork daki, agian Pilar Rubio bera ere etorriko da 3 aretora, haren mutilagunaren kontzertua ikusteko...

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak