Hamaika urteren ondoren, egoitza berria helduen heziketarako

Ubane Madera 2010eko otsailaren 22a

Pozik daude Helduen Heziketa Iraunkorrekoak (HHI) Arrasateko Udalaren erabakiarekin: ikastetxe berria egokituko diete Arrasaten, oraingoa baino handiagoa. "Guztiok gaude oso pozik. Egoera izugarri larrian gaude, eskola txiki geratu da-eta. Batzuei esan behar izan diegu lekurik ez genuela; eta ikustea jendeak ikasteko gogoa duela eta esan behar izatea ez dagoela lekurik… Orain hamaika urte inguru hasita, zuzendari guztiek eskatu dute egoitza berria", kontatu du Lourdes Jauregialtzok, Helduen Heziketa Iraunkorreko zuzendariak.

Helduen heziketak Arrasaten dituen datuak begiratzea besterik ez dago euren beharra benetakoa dela ikusteko: 360 ikasle eta 15 irakasle dira. "Gaur egun ditugu hiru ikasgela; eta liburutegia ezin dugu erabili liburutegi moduan, ikasgela moduan erabiltzen dugulako. Bestalde, aprobetxatuz ikasgelak ere baditugula Eskoriatzan eta Aretxabaletan, haiek ere erabiltzen ditugu. Hala, jende askok Arrasatetik mugitu behar du Aretxabaletara edo Eskoriatzara".

Erdigunean

Ikastetxearendako lokal berriari dagokionez, berriz, kokagune egokia iruditu zaie Arrasate pasealekua: "Egoitza erdialdean gura genuen; San Andrestik, Zigorrolatik… guztiongandik antzerako distantziara egoteko".

Zer behar duten ere jakinarazi diote Udalari: irakasle-gela egokia, zuzendaritzarendako lekua, liburutegi ederra, informatika gela hobea… eta, jakina, ikasgelak. 
Arrasateko Udalak, beraz, proiektua idazteko lanak adjudikatuko ditu lehenengo, gero egokitzapen obrak egin ahal izateko. "Aurten hasteko asmoa" dutela jakinarazi dute Hezkuntza Sailetik. "Baina hastapenetan dago oraindik", zehaztu dute.
Obra horiek egin ahal izateko zifra ere aurreikusi dute: 686.000 euroko inbertsioa. "Baina ez dakigu oraindik horrenbeste izango den; gero ikusi behar", diote Hezkuntzatik.

Beharren araberako eskaintza

Bien bitartean, Iturriotzen segituko dute helduak hezten; izan ere, eskaera handia dute Arrasaten, eskaintza baino handiagoa, EPAren kasuan: "Bigarren matrikulazioa ezin izan dugu guztiz zabaldu, lekurik ez dagoelako, eta batzuei esan behar izan diegu irailera arte itxaroteko", dio zuzendariak.

Izan ere, urteekin eskaintza asko handitu da EPAn, "bizimoduaren beharretara egokitu" dutelako. Adibidez, atzerritarrendako eskaintza ere badute: "Hasi ginen gaztelera ematen, eta denborarekin ikusi dugu behin hori ikasita askok gura dutela euskara ere ikasi. Hori ematen hasi eta egundoko arrakasta du…", diote.

Batzuk ikasteko gogoz, besteak erakusteko gertu, kontuak kontu, EPAk badirudi etorkizun sendoa duela Arrasaten.    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak