Haitin umezurztegi edo aterpetxea eraikitzeko erabiliko dute Arrasaten batutako dirua

Ubane Madera 2010eko martxoaren 17a

2.144 euro batu zituzten martxoaren 6ko pintxo-pote berezian. Haitira bidaliko dute orain diru hori, Mesedeetako mojei emateko. Haiek "Kaleetatik noraezean dabiltzan neskatilak eta mutikoak salba ditzagun" izeneko proiekturako erabiliko dute. Haitin dauden Mesedeetako mojen artean Arrasateko ordezkaritza ere badago, Arantza Ipiña dago-eta han.

Arrasate Bizirik ostalaritza elkarteak eta gobernuz kanpoko Harreman erakundeek antolatu zuten pintxo-pote berezi hori, eta parte hartu zuten herritarrei, zein edari enpresa eta tabernei eskerrak eman gura dizkiete. Jakinarazi zuten, adibidez, 1.500 pertsona baino gehiago izan zela Biteriko pintxo-poteoan.

Horrez gainera, kontuan izan behar da saldutako ardo botila bakoitzeko, tabernek euro bat jarri zutela proiektuarentzat. Gainera, barretan itsulapikoak jarri zituzten, borondatezko ekarpenak batzeko. Eta azpimarratzekoa da tabernariek iaz lortu zituzten propina guztiak Haitirako eman dituztela.

Laguntza emateko aukera badago

Besteak beste, gogora ekarri zuten, baita ere, kontu korronteak zabalik dituztela dirulaguntzak batzen segitzeko. Euskadiko Kutxan, BBVAn, Kutxan, Nafarroako Kutxan, Vital Kutxan eta La Caixan dituzte, justu, kontu korronteak zabalik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak