Guztira 70 dendatan onartuko dute Ibai Arteren 'travel' txartela

Jokin Bereziartua Lizarazu 2008ko uzt. 14a, 12:43
Ibai Arte merkatarien elkarteak onartu du leialtasun txartelaren proiektua. Proiektu hau bezeroak fidelizatzeko helburuz jaio zen, bezeroari travel txartelaren antzeko abantailak eskainiko dizkiona. Hau da, opari, promozio eta beherapen bereziekin bezeroak eurenganatu nahi dituzte Ibai Artekoek.

Egungo egoeraren ondorio

Proiektu hau egungo egoera ekonomikoaren ondorio zuzen gisa ulertu beharra dago: hainbat jenderen aisialdia bereganatzen duten merkatalgune erraldoien ugaritzea, komunikabide berriak direla-eta hiriburuak bertatik bertara izatea, azkenaldian hain entzuna den krisia...

Azken finean, egungo merkataritzaren egoerak sortzen dizkien mehatxuei aurre egitea da helburua. Eta horretarako denbora dezente jardun dute Ibai Arte elkartea lehiakorragoa egingo duten tresnak bilatzen. Batekin topo egin dutela dirudi, baina oraindik arrakastatsua izango denik ezin esan daiteke. Aurrekaririk badute, behintzat. Izan ere, Eibar, Zarautz eta Bergaran aspalditik dago martxan leialtasun txartela. Proiektua arrakastatsua izan daitekeen adibide bezala, honako datu hau: Eibarren 4000 txartel banatu dira bezeroen artean.

Ez du erabateko onarpena izan

Leialtasun txartela Rural Kutxarekin batera ateratzea adostu zuten eta pasa den ekainaren 16an aurkeztu zuten. Ordutik, Ibai Arte merkatarien elkartea osatzen duten 110 saltokietako jabeak aztertzen egon dira proiektuarekin bat egin ala ez. Batzuek ezezkoa eman dute, leialtasun txartelak arazoa ez duela konponduko, eta euren negozioarendako onuragarria ez dela uste baitute. Hauen artean daude, esaterako, hainbat taberna eta gozoki denda.

Proiektuaren bultzatzaileek txartela aurkeztu zutenean jakinarazi zutenez, gutxienez 60 saltokiren onarpena behar zuten proiektua aurrera eraman ahal izateko. Ibai Arteren iturrien arabera, egun 70 dendek eman dute baiezkoa. Proiektuak, beraz, nahiz eta erabateko onarpena ez izan, aurrera egingo du.

Txartelari baiezkoa eman dioten dendek merkatal sare bat eratzeko asmoa agertu dute merkataritza gune erraldoiei aurre egiteko. Proiektu erraldoi hauen artean, honako bi hauek aipatu dituzte merkatari txikiek: El Corte Ingles baten irekiera Eibarren eta Arrasate eta Gasteiz bitarteko AP-1 autobidearen zabaltzea.

Udazkenerako gertu

Udazkenean abiatuko du Ibai Artek "travel" txartel hau ezagutzera emateko kanpaina. Bezeroek txartelaren nondik norakoak ezagutu ostean, eurak erabakiko dute txartela eskatu edo ez, eta interesatuta badaude, ohiko dendetan eskatu beharko dute. Proiektuaren sustatzaileek txartela udazkenean martxan jartzeko asmoa dutela eman dute aditzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak