Gutarrak Amaiako taula gainean

Irati Agirreazaldegi 2007ko martxoaren 5a

Gu ta gutarrak taldeak emanaldia egin du Amaia Antzokian Korrika kulturalaren baitan. Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariak Aitor Rubio, Josu Zabala eta Xanpe musikariak lagun zituztela igo dira taula gainean eta bertso musikatuekin gozatzeko aukera eskaini dute.

Antzokiko besaulkietan lasai eserita Gu Ta Gutarrak noiz aterako zain zeudenek sorpresaz hartu dute beharbada hasierako agurra. Izan ere, gutar gonbidatua, Jon Sarasua, azaldu da jendaurrean; berak esan duen moduan "engañatuta" ekarri dute lagunek.

Saioa aurkeztu ostean, gutarrak azaldu dira, musikariak eta bertsolariak eta hitzez lehenengo eta kantuz gero egin dute emanaldiaren aurkezpena.

Musikariak lagun bertso sorta bana kantatu dute gero Elortzak lehenengo eta Iturriagak ondoren. Serio antzean, bertsolaritzaz eta eguneroko bizimoduaz. Kosta zaie entzuleak beraienganatzea edo beharbada hain ziren landuak hitzak hauei adi-adi egon direla zaleak.

Doinu adina gai

Bakarka egin ostean binaka eta berriz ere bakarka, baina ez bakarrik, uneoro musikaz lagunduta. Erritmo adina doinu eta doinu adina gai. Denetarik hitz egin dute bertsotan: maitasunaz, parrandaz, eguneroko bizimoduaz, Euskal Herriaz...

Eztarria lehortu bide zaie eta tragoa egin ostean, eurak ez ezik giroa ere berotu da. Gutarren kantak abestu dituzte; abesti ezagunen esaldiekin egindako kopla sorta bitxia. Jendeak gustura hartu duena eta lehen txalo zaparradak honen ostean entzun dira.

Sarasua gonbidatu

Jon Sarasuarekin bat-batean jardun dute gero. Zazpi urtez bertsolaritzatik aldenduta dabil Sarasua eta gogoz entzun dira honen bertsoak. Zirika jardun zaizkio aldamenetik Iturriaga eta Elortza eta honek ohikoa duen zorroztasun apalez erantzun die.

Baina ez da hor bukatu Sarasuaren agerraldia. Gitarra hartu eta kopla sorta bat ere eskaini du famatu izateaz, Euskal Herriko famatu giroaz edo kritika eginez.

Sorta gehiago

Korrika kulturaleko saioa izanik berriz hartu dute lekukoa Iturriagak eta Elortzak eta beste zenbait sorta abestu. Izan ere, bat-batean zein bertso jarriekin saio biribila osatu dute. Rap doinuak, kantu ezagunak, gai serioak alaiagoak denekin gozarazi dute entzulea.

Amaierarako Bizkaiko kopla zaharren airean Gu ta gutarrak abestia utzi dute. Baina entzuleek nahikoa ez eta taula gainetik erretiratzerako ez dira jaiki. Artistak ere gehiagorako gertu eta euren lehengo 7 eskale taldearen doinu batekin agurtu dituzte mondragoetarrak eta bertara joandakoak. Doinua lehengoa, bertsoak berriak.

Barruko gutarra atera eta entzuleak eurenganatu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak