'Gurruntxi'-ren ongietorriarekin hasiko dira Santamasak

Jon Berezibar 2007ko abenduaren 20a

Gaur 18:30ak aldera ekarriko dute Santamasetako ikonoa herrira. Ebro Mirandatik ekarriko dute 'Gurruntxi' gaur 200 kiloko txerrama eta herriko plazan ipiniko dute ikusgai. Bi urte beteta ditu dagoeneko aurtengo Santamasetako erreginak. Denbora horretan, mimu handiz zaindu dutela azaldu dute zaintzaileek. Bereziki, barazkiak eta irina jan ditu eta garagar eta arto-irinarekin elikatua izan da. Hilaren 22an ere txartelak erosi ahal izango dira, eguerdira arte.

Zozketarako, aurten, mila bat txartel egin dituzte antolatzaileek. Orain arte, Santamas eguneko eguerdi partean egiten zen. Aurten animalia arratsaldez zozketatzea erabaki dute. Hala, Larrain dantza amaitu ostean izango da zozketa, 20:00ak aldean. Irabazleak bi aukera izango ditu: txerria hartzea edo, trukean, 500 euroko saria jasotzea.
 

 

santamasak_07 tagged map by user - Tagzania

Ortutik plazara ekarriko dute baserritarrek etxeko onena

image_preview-6.jpegSantamas eguneko zita garrantzitsu bilakatu da Seber Altube plazan egiten den fruta eta barazki azoka. Aurten ere, herriko eta inguruetako baserrietatik ekarritako produktuak izango dira ikusgai eta salgai azokan.

     Iazko urtearekin alderatuz, aurten, postu gutxiago jarriko dituzte; iaz, adibidez, 25 postu jarri zituzten. Aurten, 20 postu egongo dira; hala ere, kalitatezko produktuak izango direla ziurtatuta dago. Produktu freskoak; ortutik plazara ekarritakoak, duda barik.

    Goizeko bederatzi eta erdietarako ipini beharko dituzte postuak baserritarrek. Lehenengo, produktuak ikusgai egongo dira; hau da, ezin izango dituzte saldu. "Hori da, behintzat, guk esaten dieguna", esan digute Arrasateko Udaleko arduradunek.
Hamaiketan hasita, behin epaimahaiak bere lana egin duenean, saltzen hasteko baimena izango dute baserritarrek.

Denetariko produktuak aurkituko ditugu Santamasetako azokan: tomateak, letxugak, porruak, arrautzak, patatak, eskarolak, azak, baserriko ogia, eta abar. Produktuak etxean egin eta ustiatutakoak izan behar dira, ez industrialak. Seber Altube plazara hurbiltzen direnak izango dute, bai, zer erosia.

Ganadu azoka, Garibain

Gogoarekin heldu dio Santamasetako Komisiñuek azoka antolatzeko lanari. Azken bost urteotan antolakuntzatik kanpo egon ondoren, besteak beste, ganadu erakusketa antolatuko dute. Zapatuko azokako nobedade nagusia tokia izango da, ganadu erakusketa Garibai Etorbidean egingo da-eta.

image_preview-7.jpeg

Hainbat arrazatako behiak ekarriko dituzte baserritarrek zapatuan: pirenaikak, blondak, suitzak eta asturiarrak. Halaber, bi asto mota egongo dira ikusgai, asto arrunta eta Enkarterrietako astoa, eta euskal arrazako pottokak ere egongo dira. "Horiek guztiak taxi geltokiaren ondoan jarriko ditugu, lotuta", esan dute antolatzaileek.

Beste abere batzuk ere ikusgai egongo dira: poniak, ahariak, oreinak, ardi latxak,sasi gorri arrazako ardiak, ardi txakurrak eta zazpi gorri arrazako ahuntzak. Abere gehienak ibarreko baserrietakoak dira. " Partaide gehienak bailarakoak dira: Arrasatekoak, Bergarakoak, Aretxabaletakoak, Eskoriatzakoak... Bada, oreinak kanpotik ekarriko ditugu, gure inguruan ez daude-eta", azaldu digute Komisiñoko kideek.

Bi urteko etenaren ondoren,  hegazti azoka egongo da

Azkeneko bi urteotan ezin izan da hegazti azokarik antolatu Santamasetan. Nahiz eta Euskal Herrian gaitzak ez zuen eragin, Eusko Jaurlaritzak prebentzio neurriak ezarri zituen, eta haietako bat izan zen hegazti bizien azokak eta erakusketak debekatzea. Hala, 2005ean eta 2006an, ez zen hegazti azokarik egin Arrasaten.
Bada, abenduaren 22an, hegazti erakusketa ikusteko aukera egongo da.

Azken bi urteotako etenaren ondoren, gogoz antolatu du Santamasetako Komisiñuak hegazti azoka. Hala, 70 buru ipiniko dituzte erakusketan. "Oilarrak, kapoiak, oilo txikiak eta abar ekarriko dituzte erakusketara; guztira, 70 buru inguru".

Jokin Zaitegi plaza izango da artisau lanen erakusleiho

artisauOrain dela 30 urte antolatu zuten estreinako aldiz Santamasetan artisau azoka eta, zenbait urtetan huts egin arren, ohitura bihurtu da Jokin Zaitegi plazako hitzordua.

Urtetik urtera, gero eta gehiago dira Arrasatera gerturatzen diren artisauak. Tolosatik, hango azokarako erabiltzen dituzten 45 stand ekarri eta ipiniko dituzte aurten. Bertan, Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako artisauek erakutsiko dituzte euren eskulanak. Iparraldekoak inoiz etorri badira ere, aurten ez dira izango.

Arrasateko dantzariak, plazara

Orain dela 10 urtetik gora sortu zuten Txerri dantza. Helburua dantza herrikoia eta erraz dantzatzekoa egitea izan zen, herritar guztiek parte hartzeko aukera izan zezaten. Santamasetako protagonista nagusietako baten, txerriaren inguruan eginiko dantza da, Arrasateko labela duena. Dantzariak ez ezik, trikitilariak, txalapartariak eta gaitariak elkartu ziren dantza sortzeko eta parte hartzeko.

Musikaren eta dantzaren ekimena Jose Ramon Vitoriarena da. Ekimenak arrakasta dezente izan zuen eta Santamas egunaren aurretik egin izan diren ikastaroetan jende ugarik hartu dute parte. Aurten urrian ekin zioten entseguei eta 20 lagun inguruk jardun dute. Guztira, Arrasateko 60 bat dantzari aterako
dira zapatuan 19:00an.

Kupela zabalduko dute  Herriko plazan

image_preview-1.jpeg

Santamas Komisiñue bueltan dago eta, berarekin, orain dela lau urtera arteko jaiaren hainbat osagarri itzuliko dira aurtengo Santamasetan.

Santamasak aspaldiko euskal usadioaren gaineko jaiak dira, eta horietan ezin falta sagardoa eta txotxa, jakina. Hala jakinarazi digute Santamas Komisiñoko kideek.

Hain zuzen ere, Santamas Komisiñuek jai hori antolatu ez duen lau urteetan ez da sagardo kupelik egon Herriko plazan.

Urte askotako ohitura da hori, baina Udalak ez zuen lehentasunen artean aukeratu eta, azken urteotan, ez da txotx egiteko aukerarik izan. Hala, zapatuan, Santamas egunean, kupel handi bat jarriko dute Herriko plazan 10:30ean. Saizar sagardotegitik ekarriko dute kupela, eta komisiñokuak arduratuko dira sagardoa zerbitzatzeaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak