Gurean ditugu Argentinako Sunchales hiriko ordezkariak

Jon Berezibar 2007ko ots. 26a, 18:48
Goizean egin duten ezohiko osoko bilkura eta sinaduraren ostean, senidetuta geratu dira Arrasate eta Argentinako Sunchales herria. Kooperatibismoarekin estuki lotuta dago Sunchales, eta aurrerantzean, bi herrien artean mota askotako elkartrukea bultzatzeko asmoa azaldu dute.

Argentinako Santa Fe probintzian dago Sunchales, eta 20.000 biztanle inguru ditu, gehienak etorkin italiarren ondorengoak . Pasa den mendeko 30. hamarkadan hasi zen bertan koopertibismoa lehen urratsak ematen, eta gaur egun, Argentinako kooperatibismoaren hiriburu nazionala da.

Kooperatibismoarekin duen harremana ikusita sortu zen Arrasate eta Sunchales senidetzeko ideia, pasa den urtean  Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuak bertara egin zuen bidaia baten ondorioz. Ordutik hona hainbat hartu-eman izan dituzte bi herrietako ordezkariek eta atzo heldu zen Euskal herrira Argentinako ordezkaritza bat, udaleko arduradunez eta bertako kooperatibetako kideez osatutakoa.

Gaur egin zaio harrera ofiziala ordezkaritza honi  Arrasateko Udalaren partetik. Ondoren osoko bilkura egin da senidetze hitzarmenaren sinadurari baiezkoa emateko. Gauzak egin diren moduarekin ados ez dauden Ezker Batua berdeak taldeko 3 zinegotziek kenduta, beste denak ados agertu dira senidetzearekin.

Behin herri bietako alkateek egin duten sinadura ekitaldia eta opari elkartrukea burututa, etorkizunean elkarlanean eta elkartrukean aritzeko asmoa azaldu du Iñazio Lakuntza Arrasateko alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak