Gure ibarreko musika eskolen erakusleiho bilakatuko da Arrasate

Ubane Madera 2010eko apirilaren 20a

Oraingo asteko egubakoitzean gure ibarreko musika ikasle gehientsuenak Arrasateko Amaia Udal Antzokian elkartuko dira, Debagoieneko musika eskolen kontzertuan. 18:30ean hasiko dute ekitaldia. Soraluze, Bergara, Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta, eta zela ez, Arrasateko musika eskoletako kideek parte hartuko dute.

Eta ez pentsa ez, musika klasikoan oinarritutako piezak interpretatuko dituztela egubakoitzeko kontzertu horretan. Alderantziz, prestatu dituzten kantu gehienak moderno-modernoak dira, gehienondako aski ezagun eta entzunak.

Esaterako, La Abeja Maya interpretatuko dute soraluzetarrek; edo 5ª Estación musika taldearen El Sol no Regresa kantua, rantxera ukitua duena, joko dute Oñatiko Jose de Aspiazu musika taldeko ikasleek.

The Pogues ere bai

Zeltiar ukitua ere aurkitu ahal izango dugu, baina, egubakoitzeko kontzertu horretan, Aretxabaletako Leizarrako musika eskolako folk taldeak Scothland the Brave kantua prestatu duelako, eta baita ere, Arrasate Musikalekoen eskutik, The Pogues talde irlandarraren Fiesta kantua entzun ahal izango delako.

Ekitaldia borobiltzeko, Bea Asurmendi aramaioarrak eta bere taldeak kontzertu berezia eskainiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak