Gurasolandia dator: ekimen berritzailea, berritasunez josita

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko urr. 20a, 12:11
Gurasolandia gurasoendako jolas parkearen bigarren edizioa azaroaren 2tik 7ra egingo da Arrasateko gune ezberdinetan. Atzo aurkeztu zuen Txatxilipurdik ekimen berritzailea. Izan ere, Gurasolandiaren formatoa eta izaera bakarrak dira Euskal Herrian. Berriz ere esan daiteke Arrasate aitzindaria dela halako egitasmoetan. Gainera, bigarren edizioa berritasunez josita dator: besteak beste, sare sozialen gaineko hitzaldia streaming bidez zuzenean ikusteko aukera egongo da www.guraso.com webgunean.

Aste bukaera bakarra beharrean aste osoa hartuko du bigarren Gurasolandiak: azaroaren 2tik 7ra. Eta Uarkape udal pilotalekura mugatu beharrean herriko txoko ezberdinak hartuko ditu: Kulturate, Udaleko pleno aretoa eta Okendoko ludoteka, besteak beste. Aste oso batera luzatuta, Eneko Barberena Txatxilipurdiko zuzendariak azaldu duenez, gurasoek ekitaldietan "parte hartzeko aukera gehiago" izango dute.

Etorkizuneko euskaran "zerikusi nabarmena"

Gurasolandia da gurasoendako ekintza sorta, eta haur eta gurasoen artean hizkuntzaren transmisioa bultzatzea du helburu. Baita guraso eta haurren arteko harremanak estimulatzea ere. Txatxilipurdik uste du hizkuntzaren transmisioan gurasoak oso garrantzitsuak direla, "etorkizuneko belaunaldien hizkuntza erabileretan egungo gurasoek zerikusi nabarmena dutelako".

Ekintza batzuk gurasoendako bakarrik

Hala, gurasoendako da Gurasolandia eta haurrekin joateko aukera badago ere, zenbait ekintza gurasoendako bakarrik izango dira. Noski, ekitaldiotan haurren zaintza zerbitzua eskainiko du Txatxilipurdik. Arrasateko gurasoak ez ezik, bailara osoan zabalduko dute ekimena, baita Elorrio aldean ere. Izan ere, inguruko herrietako gurasoendako ere ateak zabalik ditu.

Guraso.com

Ekimen berritzailea dena, berritasunez josita dator. Aipatu dugu aste oso batera luzatu dela eta baita ekimenaren kokapena aldatu dutela ere. Bada, teknologia berriekin batera egingo du aurrera Gurasolandiak. Izan ere, sare sozialen gaineko ikastaroa –azaroaren 2an, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan– streaming bidez zuzenean ikusteko aukera izango da www.guraso.com webgunean. 

 Zer egongo da Gurasolandian?

-Azaroaren 2an hitzaldia KulturAteko Jokin Zaitegi gelan.

 -Gaia: sare sozialak.

-Emalea: Txatxilipurdi elkartea.

-Arratsaldeko 18:30an.

*Haurren zaintza zerbitzua egongo da.

-Azaroaren 3an hitzaldi-mahai ingurua Udaletxeko Pleno Aretoan.

-Gaia: gurasotasuna

-Emaleak: Iñaki Casares eta Irene Txurruka

-Arratsaldeko 18:30an.

*Haurren zaintza zerbitzua egongo da.

-Azaroaren 4an hitzaldia KulturAteko Jokin Zaitegi gelan.

-Gaia: elikadura.

-Emalea: Sabrina Pato, Ekolapiko egitasmoko kidea.

-Arratsaldeko 18:30an.

*Haurren zaintza zerbitzua egongo da.

-Azaroaren 5an bi ekintza:

-Psikomotrizitatea KulturAteko Jokin Zaitegi gelan, arratsaldeko 17:30etatik 19:00ra. Emaleak Ianire Jaio, Maider Arrizabalaga eta Nagore Aranburu.

*Haur eta gurasoentzako ekintza.

 -Hankapaloak eta balance-bikeak Biterin,17:30etatik 19:30ra.

*Haur eta gurasoentzako ekintza.

-Azaroaren 6a, larunbata 4 ekintza:

-Haur masaje tailerra, Okendoko ludotekan goizeko 10:30etatik 12:00ak arte. Emalea Garikoitz Lopez de Munain fisioterapeuta.

*Haur eta gurasoentzako ekintza.

-Euskal dantza ikastaro-tailerra, KulturAteko Loramendi gelan goizeko 11:00tik 13:00 arte. Emalea Eneritz Urrutia.

*Haur eta gurasoentzako ekintza.

-Ipuin kontaketa saioa, Okendoko ludotekan arratsaldeko 17:00tik 18:00ra. Emaleak Irati Pagoaga eta Irune Iribekanpos ipuin kontalariak.

*Haur eta gurasoentzako ekintza.

 -Mihiluze txapelketa gurasoentzat KulturAteko areto nagusian, 18:00tik 20:00ak arte.

*Haur eta gurasoentzako ekintza.

-Azaroaren 7a, igandea 3 ekintza:

-Mendi irteera Besaidera, goizeko 9etan Arbolapetan eta 10:30etan Udalan besaidera joateko bidegurutzean. Ostean salda banatuko da Udalan. Aritz Kortabarria mendi kirolariaren laguntza eta aholkuak egongo dira haur eta guraso mendizaleentzat.

*Haur eta gurasoentzako ekintza.

 -Sormen txokoa eta aurpegi margoketa, arratsaldeko 17:00tik 18:00ra herriko plazan Txatxilipurdiren eskutik.

*Haur eta gurasoentzako ekintza.

-Karaokea eta disko jaia 18:00tik 19:30 arte Herriko Plazan Txatxilipurdiren eskutik Imanol Gallego eta Amaia Lizaranzurekin.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak