Gura duzuenera arte, Ekon!

Txomin Madina Milikua 2010ko urt. 17a, 22:49
Isilean eta inor ohartu gabe edo zaleei onena emanaz esan dezake agur musika talde batek, eta bigarrena aukeratu du Ekonek itzulerako 15 kontzertuko birari, eta bide batez taldearen ibilbideari, amaiera emateko. Atzo ikusitakoak ikusita, Durangora joan zirenek ez zuten damurik izango.

Ekonekoek baina, ez zuten bakarrik egon gura izan eta beste bost talde gonbidatu zituzten jaialdira.

Arrasateko Angerrek hasi zuen jaialdia, eta eskarmentu handiko laukotea direla erakutsi zuten, metal oinarridun post- hardcore doinuekin kanpoan itxaroten zeudenak erakarriz.

Oñatiko Sharon Stonerrekoek hartu zuten erreleboa eta dituzten bi diskoetako kantak tartekatuz, euren maisutasuna erakutsi zuten. Fer Apoaren Estricalla proiektu berria igo zen agertokira ondoren; eskola zaharreko hardcorea, frontman itzelarekin.

Eraso zarauztarren metal doinuek eta entzuleekiko gertutasunak eta Sexty Sexers beratarren hard-rock eta rock-and-roll apologia izerditsuak Ekoni ongietorria emateko motorrak berotu zituzten.

Ekonekin, zoramena

Gauerdia ondo pasata ireki ziren literalki agertokiko kortinak, eta orduan hasi zen Ekonen show-a;  pantaila erraldoiz eta suz osatutako eszenografia zainduaren barruan, garrantzitsuena: zazpi kide dena emateko prest. 

Ordu eta erdian zehar, taldearen hit gehienak entzun ahal izan ziren, besteak beste Eraiki, Mila koloredun gerra edo Gazte gaizto. Baina bertsiorik ere ez zen falta izan, Faith No More-nak esaterako.

Ekon ezagun egin zuten metal, elektro, trash eta rap doinuek jendea zoramenera eraman zuten eta nostalgiak ere izan zuen bere tokia, Naiara taldeko korista ohia kantura gonbidatu zutenean.J

Juan Odola abeslariak ederki irudikatu zuen kontzertuaren esanahia, ezagun egin duen alkandora sugarduna sutara bota zuenean. Agur isilak ahaztu egiten dira, atzokoa modukoak berriz, ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak