Luzapen birtuala izango du, hortaz, aurrerantzean Gazte Bulegoak sarean. Webgunea 2005ean aireratu bazuten ere, eduki eta, batez ere, informatzeko bide berriekin dator hornituta oraingoan. Gaztebulegoa.com-en bulegoan landu eta eskaintzen den informazioa aurkitzeaz gainera, komunikaziorako bide berriei ekin diete ibilbide berri honetan. SMS bidezko ohartarazpena da horietako bat, eskuko telefonoetara bidaliko diren mezuekin edota egubakoitzero jaisteko moduan eskegiko duten aldizkari elektronikoarekin. Noski, berrikuntza eta zerbitzuen jarraipena RSS harpidetza bitartez egin daiteke. Eskaintza berria osatzeko pantaila bat ipini dute, Biteri plazara begira, aipatutako informazio guztiarekin, interesa duenarentzako eskuragarri.