Greba deialdiarekin bat

Ubane Madera 2009ko mai. 14a, 14:14
Maiatzaren 21eko grebarekin bat egin dute Arrasateko hainbat sindikatu, alderdi politiko eta elkartetako ordezkariek; honako hauek, hain zuzen: LAB, ESC, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuak, Ezker Abertzalea, Aralar, Zutik eta Alternatiba alderdi politikoak eta Euskal Herrian Euskaraz, Bilgune Feminista, AGAKO, AHT Gelditu Elkarlana, Ikasle Abertzaleak, Gazte Independentistak eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ordezkariek parte hartu zuten.

Prentsaurrekoa egin zuten atzo (eguaztena) grebari atxikimendua adierazteko Herriko Plazan. Oro har, aldarrikatu zuten “indarrean dagoen eredu kapitalista aldatu beharra” daukagula eta salatu zuten “gutxi batzuk herrialde osoen adinako ondasunak” dituztela. Orain bizi dugun krisiaren gainean, berriz, azpimarratu gura izan zuten "espekulatzaileek" sortutakoa dela eta "uko" egiten diotela "euren diru-goseaz sortu duten krisia ordaintzeari".

Arrasateko lantegien egoera

Horrekin batera, gogora ekarri zuten Arrasaten, apirilean 1.465 langabe izan direla eta herriko zenbait enpresaren gaineko datuak ere jakinarazi zituzten; adibidez, UCEM, Polmetasa eta OMICOn Enplegua Erregulatzeko Espedienteak aplikatzen dihardutela. Utillajes Moldcam enpresan “langileen egoera kezkagarria” dela, besteak beste, bi hilabete daramatzatelako soldata kobratu barik. Madina Zurak itxi egin behar dutela eta Kooperatibetan, oro har, ebentual guztiak lan barik geratu direla.

Horregatik guztiagatik, maiatzaren 21eko grebarekin bat egiteaz gainera, beste hiru aldarrikapen ere nabarmendu gura izan zituzten: "aberastasunaren bidezko banaketa; ekonomiaren demokratizazioa, politika ekonomikoen erabateko aldaketa langileen alde bihur daitezen, langile eta pertsona guztiek kalitatezko enplegu eta soldata duina izan ahal dezaten; eta ekosistemaren garapen eredu demokratikoa".

Protesta egutegia

Era berean, jakinarazi zuten maiatzaren 21erako bidean hainbat ekitaldi egingo dituztela. Adibidez, maiatzaren 18rako elkarretaratzea iragarri zuten (19:00etan, Seberren), 20rako, berriz, kalejira zaratatsua (18:30ean, kiroldegitik) eta greba egunerako, berriz, goizean goizetik piketeak (05:30ean) eta 18:30ean, manifestazioa.   

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak