Gorostiza auzoak bost kale ditu, hiru daude zirkulaziora zabalik (Larragain, Olaran eta Maitena) eta gainerako biak oinezkoenak dira (Etxeazpia eta Etxostea). Arazo nagusia da zirkulaziora zabalik dauden kaleok ez dutela irteerarik, estuak direla, bi noranzko dituztela eta gainera, aparkatu egin ahal dela. Horrek zirkulazioa dezente zailtzen du.
Horrez gainera, auzoko bost kaleen arteko komunikazio mota bakarra eskailerak dira.
Irisgarritasuna bermatu guran
Hori horrela eta labur esanda, Udalak gura du, batetik auzoko zirkulazio arazoak konpondu, eta bestetik, auzoko kaleetan eskailerak igo eta jaitsi barik ibiltzeko aukera bideratu, bestela esanda, auzoa irisgarri bilakatu.
Aurreikusi dute obra horiek egiteko bi milioi eta erdi euro beharko dituztela.
Orain, beraz, LKSk proiektua idatzi egingo du, gero hori onartu egin beharko dute eta horren ostean hasiko dira obrak egiten.