Goikobaluko talde guztiak batera urtemuga ospatzeko

Irati Agirreazaldegi 2009ko azaroaren 18a

Bi urtemuga ospatzen dihardute Goikobalun: Goikobalu abesbatzaren 20. urteurrena eta Goikobalu Txikiren 15. urtemuga. Hori dela eta urrian eta azaroan barrena hainbat ospakizun egin dituzte eta azkena egubakoitzean egingo dute San Juan parrokian 20:00etan.

Emanaldi horretan Goikobalu osatzen duten talde guztiek hartuko dute parte: 4 eta 6 urte bitarteko tailerreko haurrek, Goikobalu Txiki abesbatzak, Goikobalu Gazte abesbatzak eta Goikobalu abesbatzak.

Talde bakoitzak bere kantu saioa eskainiko du, gehienek pianoaren laguntzarekin eta kontzertuaren amaieran talde guztiek batera abestuko dituzte azken bi kantuak.

Haurrak eta gazteak

Kontzertua Goikobaluko tailerreko haurrek hasiko dute. Txikienek Pirritx eta Porrotxek ezagun egin duten  Epo e ta ta ie abestia eskainiko dute Maialen Gonzalezen zuzendaritzapean.

Goikobalu txikiko neska-mutikoek Amaia Aboitiz izango dute zuzendari. Pianoan Rakel Murgiondo delarik honako lau kantuak abestuko dituzte:

  • Binbili bonbolo (X. Sarasola)
  • Mungu (Kantu afrikarra)
  • Jostailu egilea (J. Elberdin)
  • Hei ho! (F. Churchill)

Gazteen taldekoek, Rakel Murgiondok zuzenduta eta Jagoba Astiazaranen pianoaren laguntzaz honako abestiak kantatuko dituzte:

  • Uso Xuria (X. Sarasola)
  • Kyrie (J. Estes)
  • Izar ederra (F. Escudero)
  • Nesiponono (Abesti Zulua)
  • Child of Kwanzaa (R. Emerson)
  • Hine Ma Tov (A. E. Naplan)

Goikobalu abesbatzakoek, nagusienek, sei abesti eskainiko dituzte Iñaki Maidaganek zuzenduta:

  • Kantuz (A. Lesbordes)
  • Ikusten duzu (J.B. Elizanburu)
  • Maitasun atsekabea (J. Guridi)
  • Alla va un encobijado (A. Lauro)
  • Penas (B. Corona)
  • Arroz con leche (C. Gustavino)

Urteurrenerako abestia

Azkenik, kontzertuari eta azaroko musikaldiari agur borobila emateko talde guztiek elkarrekin bi abesti eskainiko dituzte: Tutira mai eta Bi begirada, zeru bat. Azken kantu hori, gainera, Jagoba Astiazaran gazte zestoarrak Goikobaluko 20. urteurrenerako propio konposatutako kantua da eta egun horretan egingo dute estreinua. Abesti horretan lagun izango dituzte Olatz Amozarrain txirularekin, Asel Errasti eta Antxon Peña pekusioan eta pianoan Rakel Murgiondo eta Maialen Gonzalez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak