Goikobalukoek beste hogei ere aise bete ditzaketela erakutsi dute

Jon Berezibar 2009ko azaroaren 21a

Hogei urte egin eta beste hainbeste betetzeko bermea badaukatela erakutsita amaitu zituzten ospakizunak parrokian. 5 urteko haurretatik hasi eta ilea ondo urdindutako beteranoen ahotsik zailduenetaraino hainbat belaunaldi aldarera igota egin zuten agur ekitaldia. Esan barik doa herriko ahotsik politenen deiari jarraituta Arrasateko parrokia bete egin zutela senide, lagun eta jarraitzaileek.

Haiei ere eskerrak eman zizkieten abesbatzako arduradunek lehenik eta behin ekitaldiarekin hasteko.
Emanaldia zabaltzeaz etxeko txikienak arduratu ziren, 4 eta 6 urte bitartekoak, guraso eta senideak txoratuz. Taldea orain gutxi osatu dute eta, antza, gogotsu dihardute txikienek. Beste 20 urteko osasuna, gutxienez, izango du beraz Goikobaluk. Beste modu baten ezin eta Pirritx eta Porrotx pailazoek ezagun egindako kantuarekin amaitu zuten batzuk urduri, gehienak despistatuta eta senide guztiak adurra  ezpainetan. Nagusiagoak, Goikobalu Txikoak, irten ziren jarraian pianoan lagun Rakel Murgiondo zutela. Hauek ere txikiek utzitako giro politari eutsi guran , esku-joko eta dantzatxoekin osatu zuten bi abestiko emanaldia Euskal Herriko zein Afrikako kantuekin.

Solemnitatea eta jaia

Goikobalu Gazte eta nagusiek baina solemnitatea eman zioten ekitaldiari, abesti hain ezagun ez, agian, baina ezin ederragoekin. Bukaerarako tonu serio hori alde batera utzi eta ospakizuna dela gogorarazteko Arroz con leche abesti alaia kantatu zuten jai giroa parrokiako txoko guztietara zabalduz.
Agurrerako garaia iristerakoan txiki geratu zitzaien baina aldarea. Ezin bestela, talde guztietako partaideak batu zitzaizkien nagusiei eta ikuskizun polit eta dibertigarria egin zuten guztiek elkarrekin Tutira Mai dibertigarria abestu eta dantzatuta. Txaloak eta barreak eta azkenean: agur borobila. Txirula, perkusio eta pianoarekin urteurreneko abestia kantatu zuten guztiek ahots bizi eta eztiz: Bi begirada, zeru bat. Abeslariak hunkituta eta entzuleak zutik txalo zaparradarekin amaitu zuten ospakizun ekitaldi ederra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak