Goikobalu, Santiagora bidean

Edu Mendibil 2009ko ots. 19a, 13:59
Ez mendiko botekin, ezta bizikletarekin ere. Santiagorako bidea abesten egingo dute Arrasateko Goikobalu abesbatzako kideek, herririk herri. Abesbatzaren 20. urteurreneko ospakizunen barruan kokatzen da ekimena. Lehenbiziko geldialdia zapatuan, hilaren 21ean, izango dute Arrasateko abeslariek, Aurizberrin, Nafarroan.

Aurizberriko parrokian egingo dute emanaldia, 20:00etan; Iñaki Maidaganen zuzendaritzapean, besteak beste, Ave Maria, Aita Gurea, Te quiero, Ni ez naiz zomorroa eta Ama begira zazu kantatuko dituzte Goikobaluko kideek.
   
Santiagoko bidea abesten egitasmoa Juan Antonio Barriocanal abesbatzako presidentearen ideia izan da eta harrera ona jaso du gainerako abeslarien artean. Barriocanalen hitzetan, "Nafarroako abesbatzen federazioarekin berbetan egon gara gainerako emanaldiak lotzeko eta helburua hori da, Santiagora bidean hainbat emanaldi egitea eta hara heldutakoan, hemendik pare bat urtera-edo, Santiagoko katedralean kantatzea. Zapatuan egingo dugu lehen emanaldia eta irail aldera eutsiko diogu berriro Santiago bideari".

Mozarten 'Requiem'-a eta Carmina Burana

Bien bitartean, hainbat ospakizun prestatu dituzte abesbatzaren 20. urteurrena ospatzeko. Horrela, apirilaren 4an Mozarten Requiem lana eskainiko dute San Frantzisko elizan, Arrasateko Udalaren Musika Astearen barruan; ekainaren 13an, berriz, Carmina Burana eramango dute Elgoibarrera.

Aste Santuan, Andaluziara

Dagoeneko bi kontzertu horiek gertatzeko entseguetan dira Goikobalukoak. Gaur egun 47 lagun dira abesbatzan eta astean bitan egiten dituzte entseguak Saiolanen, martitzenetan eta egunetan. Bestalde, Aste Santuan Andaluziara bidaia egingo dute Goikobalukoek. Apirilaren 13tik 18ra joango dira eta Granadan (hilaren 14an), Lanjaronen (15), Guadix (16) eta Fuentevaquerosen (17) abestuko dute. Zapatuan, esan bezala, Santiagora bidean jarriko dira. Autobusez aterako dira 14:00etan eta domeka Orreaga eta ingurua bisitatzeko aprobetxatuko dute. Helmuga urrun dago oraindik, baina geldialdiak kantuan eginez arinagoa egingo zaie bidaia, dudarik ez.

Goikobalu Gazteren 15. urteurrena

Abesbatza nagusiaren ospakizunekin batera, Goikobalu Gazterenak ere etorriko dira, gaztetxoen abesbatzak 15. urteurrena beteko baitu. Arrasate Musikalen txistu irakasle ibilitako Jagoba Astiazaranek propio abesbatzarendako kantu bat idatziko du eta azaroan egingo dute horren aurkezpena. Elkartruke baten ondorioz Errenteriako Orereta abesbatza ekarriko dute azaroan (arrasatearrek maiatzaren 30ean abestuko dute han) eta, aldi berean, argazki eta bideo erakusketa antolatuko dute Santa Zezilia ingururako. Rakel Murgiondo zuzendariarekin 32 gaztetxo dabiltza (12-18 urte bitartekoak) eta Goikobalu Txikin beste 15 (5-11 urte). Amaia Aboitiz da zuzendaria.

Musika tailerra umeendako

Musika tailerra antolatu du Goikobaluk martxorako. 4-5 urteko umeei zuzenduta dago eta eguaztenetan izango dira eskolak Maialen Gonzalezekin, 17:00etatik 17:45era. Izenematea eta argibideak 669 83 34 38 telefonoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak