Goi-tentsioko linearen kontrako arrazoiak azaldu ditu Udalak

Jon Berezibar 2009ko ekainaren 22a

Debagoiena "interes orokorreko azpiegitura handi askoren pasabide dela" alegatu du, besteak beste. Hain zuzen, gure ibarretik pasarazi gura duten Gueñes-Itsaso goi tentsioko linea elektrikoaren kontra sei alegazio aurkeztea erabaki du Arrasateko Udalak. Eskumena dauka Arrasateko Udalak kontu horretan, izan ere, linea elektriko hori pasatzeko bi aukera dabil aztertzen Red Electrica de España enpresa, eta bata izango litzateke Arrasatetik pasatzea.

Bada, proiektu horren gaineko hasierako dokumentazioa esku artean, Arrasateko Udalak aurkeztutako alegazioetan, lehenengo eta behin, eskatu du orain bidalitakoa baino dokumentazio osoagoa jasotzea: "Arrasateko udalerriarengan eragina duen eremuari buruzko plano osagarriak, eskala egokian"; eta baita ere, "kontsultari erantzuteko epea" luzatzea.

 

Bailara "estua"

Arrasateko erakunde nagusiak emandako arrazoien artean, azpimarratu du, "Debagoieneko eskualde hau interes orokorreko azpiegitura handi askoren pasabidea" dela (Paris-Madril autobidea, AHT, Gaseoduktoa…) eta azpiegitura horiek jasotzeko "lur asko erabiltzen" dela.
Azken horrekin lotuta, dio, baita ere, "hiritar edo nekazaritza erabileretarako oso lur erabilgarri gutxi geratzen" dela eta ondorioz halako azpiegitura baten inguruarekiko eragina handiagoa dela. 

 

"Teknikoki oso txarra"

Bestalde, gure ibarra "beste alternatibetan ukitutakoak baino askoz estuagoa" dela ere alegatu du Udalak, "beraz, halako azpiegitura berri bat jasotzeko okerragoa" dela pentsatzen du.
Eta gaineratu du proiektu hori hasiera batean ez zegoela aurreikusita "teknikoki oso txarra dela era objektiboan ezin delako ukatu". 

 

Gizarte eredua aldatu behar

Alegazio txostenean, Arrasateko Udalak aipamena egiten dio, baita ere, gaur egungo egoera ekonomikoari, salatzeko "etorkizuneko gizarte eredua berraztertu behar dela talde politiko eta gizarte eragile guztien ahotan entzuten ari garenean era honetan azpiegitura berriak eraikitzea zalantzan jartzea bidezkoa da".
Bukatzeko, zera eskatzen du:  "Erabaki bat hartu baino lehen azterketa sakon bat egin dadila proposatutako proiektuaren bideragarritasun eta egokitasunari buruzkoa (…) eta proiektuarekin aurrera egitea jarraitzea erabakitzen bada, aukeratzen den alternatibak eskualde hau saihestu dezala".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak