Proposatzen dute, gainera, 2009ko urtarrilaren 1etik aplika dezatela erabaki hori. Eta hori egin ahal izateko behar den diru partida aurtengo aurrekontutik edo bestela kreditu bitartez bideratzeko proposamena egin du.
Gaur, eguena, du asteroko batzarra Gizarte Ongizate Sailak, eta gaur aztertuko dute EB-Zutik koalizioaren proposamena. Beraz, bihar jakinaraziko dute eskaera onartzen duten edo ez.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzak behar berezi batzuetarako ematen diren dirulaguntzak dira. Dirulaguntza horien zatirik handiena ematen da errenta gastuei aurre egiteko. Baina, bestelako kontzeptu batzuetarako ere izan daitezke: ur, argindar, zabor eta halako zergak ordaintzeko, oinarrizko beharretarako eta abar.
Laguntzak bikoiztea
Kontua da, Arrasateko Udalak errenta ordaintzeko laguntzaren topea eman izan duela orain arte, baina bestelakoetarako laguntzarik ez duela eman. Udal talde berriak, berriz, 2008an erabaki zuen gainerako beharretarako dirulaguntzak ere emango zituela, baina %50era arte.
Bada, orain EB-Zutik koalizioak eskatu duena da laguntza horiek igotzea, Jaurlaritzak uzten duen topea eman arte. Hau da, gaur egun ematen dituen laguntzak bikoiztea.