Giro epela eta jendetsua nagusi Santamasetako azokan

Mirian Biteri 2009ko abe. 22a, 19:34
Jendeak ez du kale egin eta eguerdi partean zaila izan zen txerria, artisauen jarduera edo Txerri-dantza gertutik ikustea. Eguraldiak ere ez zuen huts egin.

Egun luzea izan zen atzokoa Santamas Komisiñuko kideendako. Eguna egunsentian hasi zen askorendako; 07:00etan hitzordua egina zuten-eta baserritarrekin, ganadu, hegazti, artisau eta barazki eta fruten erakusketak gertatzeko.

Fin ibili ziren lanean, 10:00etarako dena prest zegoen-eta. Seber Altube plazako postuetan, esaterako, inguruko baserrietako sasoiko barazki eta fruta ederrenak zeuden erakusgai, hala nola, hazia, porruak, azalorea, intxaurrak, baserriko ogia, Tolosako eta Gernikako babak eta hamaika sagar klase. Ez hori bakarrik; txerrikiak ere edonon ikusteko eta dastatzeko aukera egon zen.

Taloa 5 eurotan

Santotomasetako feria, txorizo eta ogia halaxe dio atsotitzak eta horixe gertatu zen. Txorizo eta talo usainak erdiko kale guztiak hartu zituen. Asko izan ziren talo goxoa jatera animatu zirenak, bost bat euroren truke. 

Hasiera lasaia izan bazen, eguerdirako zaila zen hainbat tokietatik mugitzea. Erakusketetan ibiltzea ez zen samurra; are gehiago, erakusgai zegoena ikustea. Jokin Zaitegi plazako artisau langintzen jarduera edo Larrea herritik ekarritako Krixis II izenarekin bataiatutako txerri liraina gertutik ikustea, esaterako, ezinezkoa zen; baita Herriko Plazan, Lore Gazteak taldearen dantzaldia ikustea edo Txerri-dantza herrikoian parte-hartzea. Azken horrek, plaza leporaino bete zuen.

Hori amaitzean, batzuk Musakolarantz abiatu ziren, kalejiran; mila lagunendako bazkaria zain zegoen-eta han. Beste batzuk, berriz, nahiago izan zuten lagunekin batera elkarteetan baba-jana egitea edo besterik gabe, goizeko joan-etorrien ostean, etxera lasai erretiratzea.

Jende asko

Santamas Komisiñue pozik zegoen bazkaldu ordura arteko giroarekin. Taldeko kide German Gallastegiren esanetan, "balorazio ona egiten dugu; orain arteko ekimenak ondo irten dira, jende asko ibili da". Eguraldiarekin ere oso pozik zeudela gaineratu zuen: "Denboralea zela-eta, azken egunotan hainbat ekitaldi bertan behera geratu dira; esaterako, zapatu eguerdian egitekoak ziren Garesko eta Artaxoako laiariak. Aurreko egunekin alderatuta, epel egon da goiza, oso ona". 

Ondo baino hobeto portatu zen eguraldia. Izan ere, eguerdiko ekimenak amaitu bezain pronto, ekaitza egon zelako. Arratsaldean, baina, aterkiaren beharrrik ez zuten izan arrasatearrek.

Kaioletatik barandetara

Bestalde, berrikuntzei dagokionez, hegaztien erakusketako formatu berriak harrera ona izan zuela esan zuen Gallastegik: "Orain arte hegazti guztiak kaioletan zeuden sartuta. Batzuek eskatu ziguten barandak jartzeko eta egia esan, ikusgarriagoa da. Zabalagoa izateaz gain, politagoa ere bada eta hortaz, datorren urterako ere kontuan izango dugu".  Bestalde, aurtengo edizioan bestelako aparteko berrikuntzarik ez dela egon aipatu zuen; Pirenaika arrazakoi behien ordez, txarolesak ikusteko aukera egon zela. Besterik ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak