Gipuzkoako atleta onenen eskutik ikuskizuna Mojategin

Xabier Urtzelai 2008ko uztailaren 10a

Gipuzkoako Challenge-eko laugarren jardunaldiak lurraldeko atleta onenak batu zituen eguaztenean Mojategin. Ia 200 atleta ibili ziren Mojategiko atletismo instalazioak txapelketa ofizialean estreinatzen, eta han entzundakoaren arabera, Anoetako instalazioei inbidia handirik ez. Gusturen ibili ziren atletak, duda barik, Arrasate Atletiko Taldeko ordezkariak izan ziren, urtetan horrenbeste kilometro egin eta gero, azkenean euren zaleen aurrean lehiatu ahal izan zirelako.

Eguazteneko atletismo saioan beroak eragin zuzena izan zuen atleten jardunean. Batez ere 600 eta 800 metroko lasterketetan korritu zuten atletek igarri zuten hori gehien, baina baita gainontzekoek ere.

Pertika jauzian Naroa Agirre izan zen protagonistetako bat, baina Maialen Axpe izan zen lehenengo saiakerak egin zituena. Orain dela gutxi Lore Mar taldekideak egindako Euskadiko errekorra (3,31 metro) ontzeko asmoarekin kantxaratu zen Axpe –lehenago berak zuen errekorra–, baina ezin izan zuen 3,25eko marka gainditu. Horrela jarraitzen badute, baina, bi horiek marka guztiak gainditu behar dituzte.

Pertika jauziaren saioa amaitzeko, ordura arte Axperekin entrenatzaile lanetan ibili zen Jonathan Perezen txanda iritsi zen. Arrasatekoari kosta egin zitzaion txapelketan sartzea, eta etengabe entzun zituen Jon Karga Lizeaga entrenatzailearen aholkuak. Berotu zenean, baina, listoia gora eta gora hasi zen. 

Halako batean iritsi zen Perezen muga; ezin gainditu 4,90 metroko marka –salto horiek bertatik bertara ikusteak zirrara sortzen du–. Haizeak jotzen zuen edo ez etengabe zainduz, lehenengoan saiakeran kale, baita bigarrenean ere. Bazirudien eguaztenekoa ez zela eguna. Hirugarren ahaleginerako astia hartu zuen Arrasatekoak, tarte bat egin zuen entrenatzailearekin berbetan, eta hark benetan salto egiteko eskatu zion, egin behar zuen horretan kontzentratzeko.

Orduan bai: abiada hartu, pauso bakoitza non eman zaindu, pertika finkatu eta gora! Mojategin orain arte egindako marka onena, 4,90. Ikusleen txaloak segidan. Realeko atletak aurrera egiteko asmoa zuen, 5,05 metroko marka buruan, baina entrenatzaileak jarri zion galga "Salto egiteko haizen larregi egiten zuen, eta gainera bi aste barru Espainiako Txapelketa daukat. Bihar ere entrenamendu saioa daukat, eta salto horrekin konformatzea zen zentzuzkoena".

Gainontzeko atleten emaitzak ikusteko, egin klik hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak