Lehenengo aldia da GIBaren proba azkarra Arrasateko sexologia zerbitzuan egin dutena. Arabako hiesaren aurkako batzordearen laguntzarekin egin dute, eta ekimenaren helburua izan da proba egiteko modu hau eta bere onurak ezagutaraztea. Azkartasuna da onuretako bat. Emaitza 15 minutuan jakiten da; osasun zentroan egin ezkero astebete behintzat itxaron behar da. Beste onura da proba gaiaren gainean informatuta eta sentsibilizatuta dagoen jendearekin egiteko aukera ematen duela.
Horregatik ari dira aztertzen GIBaren proba azkarra udal sexologia bulegoan egiteko aukera. Baimena eskatu beharko lukete, eta formazioa jaso. Gaur egun Euskal Herriko hainbat farmaziatan egin daiteke test azkarra, batez ere hiriburuetan. Arrasatekoetan ez dago oraingoz aukerarik. Aste honetako ekimena, baina, baikorra izan da eta espero baino jende gehiagok egin du proba.