Genaro Lekuonak, San Juango parrokoak, erretiroa hartuko du, osasun arazoak direla eta

Ubane Madera 2007ko abenduaren 3a

Meza berezia egingo diote abenduaren 16an, 11:00etan. Bestelakoen artean, Juan Maria Uriarte gotzaina etorriko da meza esatera.


San Juan parrokiako batzarrak iragarri duenez, San Juan Bataiatzaileko parroko Genaro Lekuonak aurre-erretiroa hartuko du, osasun arazoengatik.
Joan den uztailaren erdialdean, bihotzekoa izan zuen parrokoak, Alemanian oporretan zela. Irailaren amaierara arte, hantxe geratu behar izan zuen. Gero, Arrasatera bueltatu zen, eta hemen egindako azterketa medikuen emaitzak ikusita, adierazi diote ez dagoela lanean jarraitzeko moduan. 
67 urte ditu Genaro Lekuonak; berez, apaizak 75 urterekin erretiratzen dira, beraz, aurre-erretiroa hartu behar izan du Lekuona apaizak.
Bergararra sortzez, Arrasatera iritsi baino lehen, urte luzez Azkoitian jardun zuen lanean. Arrasatera iritsi zela bost urte bete ziren irailean.

Meza eta bazkaria

Orain, parrokoa badoala eta, parrokiako batzordeak agurra egin gura dio. Abenduaren 16rako egin du hitzordua. Meza berezia esango dute egun horretan, 11:00etan. Bestelakoen artean, Juan Maria Uriarte gotzaina etorriko da, Arrasateko gainerako apaizak ere izango dira, eta baita parrokiako batzordeko ordezkariak ere. Meza eta gero, 14:00etan, bazkaria egingo dute, Batzokian (Aldapen). Parte hartu gura duenak gaurtik egubakoitzera bitartean eman behar du izena, Zabaleta drogerian edo Muruamendiaraz gozodendan.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak