Gelmako etxebizitzetako batzuk errentan hartzeko moduan merkaturatu ditzakete

Ubane Madera 2007ko urr. 18a, 18:42
Azken aldian zurrumurrua zebilen Arrasateko kaleetan Gelmarena zen orubean eraikitzen dabiltzan etxebizitzetako batzuk merkaturatu behar zituztela alokairuan hartzeko. Bada, etxe horiek eraikitzen dabilen Obenerreka enpresarengana jo dugu informazioa konfirmatzeko. Eta 'Goienkaria'-ri zera konfirmatu diote: merkatuak hala agintzen badu, Gelmako etxebizitzetako batzuk errentan hartzeko moduan merkaturatuko dituztela.

'Berez, guztiak salgai'

Edozelan ere, Juan Lartzabalek, Obenerrekako gerenteak argi utzi gura du etxebizitza guztiak salgai daudela oraingoz: "Berez, guztiak daude salgai. Orain gaude saltzen lehen blokeko etxebizitzak; guztira, 143 etxebizitza gabiltza eraikitzen bloke horretan, etxebizitza libreak; eta horien erdia salduta ditugu dagoeneko. Gainerako %50ak zela saltzen diren ikusi behar dugu orain. Bloke horretako etxebizitzak saldu artean, gainekoak ez ditugu salgai ipiniko. Hori horrela, bigarren blokea eraikitzen bukatzen dugunean oraindik ez baditugu lehen blokeko etxebizitzak saldu (%90, gutxienez), orduan alokairuan merkaturatuko ditugu. Guztia dago merkatuaren menpe. Hori bai, etxebizitzen prezioetan ez da aldaketarik aurreikusten.

Salmenta 'geldo'

Horren harira, Juan Lartzabalek onartu egin du etxeon salmenta erritmoa geldoa dela. Batetik, berez, "merkatuaren koiuntura orokorra" horixe delako, "interes altua dago, besteak beste". Eta bestetik, Lartzabalek nabarmendu du bere ustez, Gelmaren etxebizitzen inguruko zurrumurruek ez dutela batere lagundu etxeok saltzen.

Prezioa 'ez da larregikoa'

Hori bai, Lartzabalek ez du uste salmenta geldo dabilela, askok dioten moduan, etxeon prezioa larregikoa delako: "Etxeon prezioa da kalitatearen araberakoa. Nik uste dut jendeak ikusten dituenean etxeak, erosteko aukera ona direla pentsatuko duela. Oso dotoreak izango dira. Eta gainera, Gelmako etxebizitzen prezioak ez du behera egingo. Bestalde, etxeon metro karratua 6.000 eurotan saltzen gabiltzala esatea ere ez da erreala. Datu hori eman zutenek, prezio horren barruan sartu zituzten garaje, trasteleku, notariako gastuak eta beste. Baina, etxebizitza horien batazbesteko prezio errela da 4.156 euro metro karratuko. Eta esan beharra dago Arrasaten, adibidez, badirela prezio hori baino gehiago kobratzen diren etxebizitzak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak