Gelmako etxeak Mondragon Taldeko bazkideendako

Ubane Madera 2010eko apirilaren 22a

Mondragon Taldeko bazkide eta haien senideek Gelmako 80 etxebizitza erosteko aukera dute jatorrizko prezioa baino %15-20 merkeago. LKS Ingeniaritzak etxeon sustatzaile den Obenerreka enpresarekin hitzarmena sinatu du Ertzain-etxearen ondoko blokea “prezio berezian, beherapen polit batekin” erosi eta kooperatibistei saltzeko. Pare bat astean hamar etxebizitza baino gehiago saldu dituzte. Ekainaren bukaerara arte dago etxebizitzok erosteko aukera, “BEZa igo baino lehen”, Obenerrekakoek azaldutakoaren arabera.

Momentuz, Euskadiko Kutxako bazkideei zabaldu diete operazio esklusibo horren eskaintza, eta zenbaitzuk badabiltza bai, pisuok ikusten. Izan ere, etxebizitzen prezioa merkatukoa baino baxuagoa izateaz gainera, Euskadiko Kutxak berak “finantzaketarako baldintza bereziak” emango dizkie.

Kopuruak begiratuta, metro koadro eraikia 3.300 eurotan erosi ahal dute kooperatibistek. 230.000 euro balio du merkeenak; 41 metro koadro ditu eta bakarra da. Garestienak, berriz, atikoak dira. Horiek balio dute 515.000 euro. Gainerakoak erdibidean daude: 260.000-330.000 eurokoak dira gehienak. Etxebizitza denak domotikoak dira eta garajea itxiak ere badituzte. Hori bai, garajearen prezioa ez dago etxebizitzaren prezio barruan, eta etxebizitza erosiz gero, garajera ere derrigor erosi beharra dago.

Ez ohiko eskaintza

“Aukera bakarra da. Oso etxe onak dira, Gipuzkoan diren kalitaterik handienekoak, eta ondo kokatutakoak. Eta gainera, bi digituko beherapenarekin”, azpimarratu du Juan Larzabalek, Obenerrekako ordezkariak. “Ez ohiko eskaintza da. Ekainean bukatzen da. Bi arrazoirengatik: batetik, ekainaren amaieran BEZa igo egingo dutelako. Eta bestetik, Estatu mailan aurten bukatzen direlako desgrabazio fiskalak, etxebizitza erosteagatik ematen dituztenak”.

LKSkoek eurek egin zieten eskaintza esklusibo hori Obenerrekakoei, baina ez da orain asmatu duten zerbait. “Lehenago ere egin dute halako bat, Sukiaren promozio batekin, Uribarrin”.  

Gainerako blokeen egoera

Hasiera batean, bloke hori alokairuan merkaturatzeko asmoa zuen Obenerreka enpresak. Orain, berriz, saldu egingo du. Eraikitzen edo eraikita dauden gainerako blokeei dagokienez, berriz, lehen blokean etxebizitzen erdiak baino gutxiago geratzen zaizkie saltzeko. “Hirugarren blokea (114 etxebizitza) oraingoz ez da egingo. Momentuz egingo da fatxada, eta kito. Salmentak berriro hazten badira, orduan bukatuko da, baina hori izango da urte batzuk barru. Salgai daude, beraz, LKSren etxeak eta lehen blokeko erdiak baino gutxiago. Urbanizazioa, berriz, osorik bukatuko dugu: plaza, oinezkoendako pasealekua… Eta adibidez, merkataritza saltokiak zabalduko dituzte laster inguruan. Telepizzak eta Ogiberrikoek erosi dute dagoeneko lokala”, jakinarazi du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak