Gehiengo zabalak adostu du mozio politikoa

Jon Berezibar 2007ko aza. 9a, 17:16
Osoko bilkura egin zuen atzo iluntzean udalbatzarrak eta gaien artean egungo egoera politikoa aztertzeko mozioa eztabaidatu zuten. EAE, EAJ, EB-Zutik, EA eta Aralar alderdiek dokumentua adostu eta adierazi dute 'erakunde politikoak legez kanpo uztearen aurka' daudela, 'horrek zuzenean murrizten dituelako', adibidez, 'askatasun ideologikoa, adierazpen askatasuna,bilerak egiteko askatasuna eta herritarrek parte hartzeko askatasuna'. Halaber, Audientzia Nazionala deuseztatzeko eskatu zuten eta Alderdien Legea indargabetzea.

Ordubetean eta eztabaida larregi barik landu zituzten gai zerrendan aurreikusitako 17 gaiak. Tartean, zinegotzien arteko eztabaida politikoa eragin zuen mozioa ere aztertu zuten.


Izan ere, eta ezustekoan, Eusko Abertzale Ekintzak hasiera batean bere izenean aurkezteko asmoa zuen mozioa erretiratu egin zuten eta haren ordez, beste bat aurkeztu zuten. Bigarren mozio hori EAJ, EA, EB-Zutik, Aralar eta EAE alderdi politikoen artean adostuta aurkeztu zuten. Hau da, mozio horrekin bat egin ez zuten bakarrak alderdi sozialista eta alderdi popularra izan ziren. Eta hain justu ere, alderdi sozialistak adierazi zuen, batez ere, ez zegoela ados mozio horretan partiduen legearen gainean esaten zutenarekin eta haserrea erakutsi zuten zinegotzi sozialistek, batez ere Ezker Batua-Zutik koalizioarekin.

Mozioari dagokionez, laburbilduz hura sinatu zuten alderdiek adierazi zuten erakunde politikoak legez kanpo uztearen aurka daudela, horrek zuzenean murrizten dituelako, adibidez, askatasun ideologikoa, adierazpen askatasuna,bilerak egiteko askatasuna eta herritarrek parte hartzeko askatasuna. Hortaz, uste dute askatasuna berreskuratu behar dutela bilerak egiteagatik atxilotuak eta kartzelaratuak izan diren pertsonak.

Bestalde, Audientzia Nazionala deuseztatzeko eskatu zuten, eta Alderdien Legea indargabetzea. Horrez gainera, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko oinarrietako bat aniztasun politikoa dela azpimarratu zuten, beti ere, inolako indarkeria adierazpenik egin gabe. Eta aldarrikatu zuten ideia eta pertsona guztiek eskubidea dutela politikan eta gizarte eta kultura arloetan  berdintasunez parte hartzeko eta proiektuak bide politikoekin soilik defendatuko dituztela eta haiek indarrean jarriko dituztela beti ere euskal gizartearen gehiengoaren babes demokratikoa lortzen badute. 

Mozio horren harira, Aralarrek eta EAJk eskertu egin zuten Eusko Abertzale Ekintzak egindako ahalegina alderdi politikoen arteko adostasuna lortzeko.

Edozelan ere, eta lehen esandako moduan, PSEk eta PPk mozio horren kontra bozkatu zuten. Alderdi sozialistak adierazi zuen Alderdien Legearen gainean esaten dutena bazterrak nahasteko besterik ez dela. Eta berretsi zuten euren ustez ETA dela gaur egungo egoera politikoaren eta biolentziaren errudun bakarra. Halaber, ETA eta kale borroka gaitzetsi zituzten, bereziki, oraingo astean Arrasaten
autopistako lanen kontra egindako ekintza.

EB-Zutik kritikatu zuten sozialistek

Eta horrekin batera, EB-Zutik koalizioari aurpegiratu zioten ez dakiela non dagoen. Eta ordua duela zenbait kontutatik aldentzeko.

Horri erantzunez, Ander Rodrigezek berba egin zuen EB-Zutik koalizioaren izenean. Alderdi sozialistari adierazi zion ETAren biolentzia kondenatzen duten moduan, ez dutela konplexurik bestelako lege edo eskubide urraketak kondenatzeko. Eurek ez dutela giza eskubideen gaineko ikuspuntu partzialik. 

Mozioa EAJ, EA, Aralar, EB-Zutik eta EAE alderdiek adostutakoa zenez, haien aldeko botoekin onartu zuten.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak