Gaztetxoendako udarako eta aste bukaeretarako eskaintza ugari, Txatxilipurdiren eskutik

Usoa Agirre 2009ko api. 22a, 11:52
Uztailean zehar euskaraz eta lagunartean bikain pasatzeko hainbat aukera ipini ditu Txatxilipurdik ume eta gaztetxoen eskura. 2 eta 10 urte bitartekoendako udaleku irekiak antolatu dituzte adin tarte bakoitzari egokitutako eskaintzarekin, eta 10 eta 16 urte bitartekoendako, berriz, udaleku itxiak. Bestalde, aste bukaeretarako beste bi egitasmo berri ere martxan jarriko dituzte: Irajosi eta Plazalai.

Udalekuak

Etxarrira eta Oriora 15 egun pasatzera joateko aukera izango dute 10 eta 16 urte bitarteko Arrasateko gazteek. 

Udaixe egitasmoa

Arrasateko udaleko gazte sailak antolatutako Udaixe egitasmoa ere antolatu dute. Udarako plangintza berezia da hori, astean hiru egunetan gauzatzen dena, eta egitasmoari bukaera emateko hiru egunetako irteera bat eskaintzen duena.

Kosta ala kosta

Kosta ala kosta izeneko beste eskaintza bat ere aurkeztu dute. Arabatik oinez, eta astebetean, ibilbide ederrak eginaz kostara iristean oinarritzen da eskaintza hori. 

Izenematea

Udaixe egitasmoan izan ezik, beste eskaintza guztietan izena emateko epea zabalik dago dagoeneko eta maiatzaren 8an amaituko da.

Irajosi, umeen artean liburu bat egiteko

Zapatu arratsaldeetan 16:30etik 18:30era bitartean Irajosi egitasmoa jarriko dute martxan. Arrasateko auzo gehienetara gerturatuko dira ekintza hori burutzera eta bertako plazetan eramango dute aurrera. Haurrekin liburu erraldoi bat asmatu eta osatzea da ideia, beti ere umeak protagonista izanik eta beraien ideiekin sortutako liburu edo ipuina. Auzo batetik bestera liburua osatzen ibili ondoren, ekainaren 27an jaialdi batean irakurriko dute liburu osoa.

Plazalai, umeei euskal jolasak erakusteko

Domeketan, 16:30etik 18:30era auzo desberdinetako auzoko plazetan Plazalai egitasmoa jarriko dute martxan. Jolasak erakutsiko dizkiete umeei: euskal kantu eta jolasak, jolas tradizionalak eta jolas kooperatiboak...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak