Gaztetxea 19. urteurrenean murgilduta dago, herriko bazterrak astintzen segitzeko asmoz

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko api. 7a, 12:52
Apirila ospakizun hilabetea da Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatuarendako –AGAKO–. Aurten 19 urte beteko ditu gazte asanbladak, horitetatik 11 urte ospitale zaharreko gaztetxean egin dituzte eta zortzi urte egungo egoitzan. Beraz, aurten ere ez dituzte iraganeko borroka ahaztu eta aurrera egiteko asmoa erakutsi dute, 'inoiz baino kementsuago'. Urteurrenerako lemak ez du bestelako interpretaziorik uzten: 'Gu gara erregaia, pospolua eta garra!'

Ospakizun egitarau ezin zabalagoa antolatu du AGAKOk 19. urteurren ospakizunetarako. Izan ere, apirilean –urteurren hilabetea– ia egunero dago zerbait: denetariko ikastaroak, hitzaldiak, aurkezpenak, emanaldiak, kontzertuak, mendi martxak eta txapelketak egingo dituzte. Gainera, gazte asanbladak aditzera eman duenez, 19 urteko ibilbideari jarraipena emateko asmoa berretsi du, "inoiz baino kementsuago". Horren adierazle da antolatu duten egitaraua; diotenez, "inoiz baino oparoagoa" dena, "urte osoan zehar egindako lanaren erakusgarri".

Hainbat arrasatear oporretan dauden Pazko aste honetan sorkuntza egunak dira gaztetxean. Hala, besteak beste, mural margoketa, gaztetxearen atarian estreinatu berri duten rokodromoan bide berrien irekiera, konponketak eta eskulanak egingo dituzte, hilaren 9ra arte. Asteari amaiera emateko zapatu goizean pelota eta pala txapelketak egingo dituzte eta domekan Transgenderqueer bataiatu duten zinema zikloari hasiera emango diote John Cameron Mitchell-en Shortbus filmarekin. Zinema zikloak sexua izango du ardatz.

Oraindik ospatzeke geratzen diren ekitaldien berri izateko ondoko kartela duzue ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak