Gazteluondo eta Arrasate pasealekua lotzeko bidea egingo dute

Ubane Madera 2010ko ira. 2a, 19:31
Gazteluondo eta Arrasate pasealekua lotzeko bide berria egingo du Arrasateko Udalak. Bide hori izango da ibilgailuendako zein oinezkoendako. Eusko Jaurlaritzaren Hiriber programaren barruan (E plana modukoa) onartu dute proiektu hori finantzatzen laguntzeko 400.000 euro pasa ematea Arrasateko Udalari.

120 metro pasako luzera izango du Arrasateko bide berri horrek, errei bakarra ibilgailuendako eta alde zaharreko kaleen izaera; hau da, ibilgailu zein oinezkoek bat egiten duten gunea izanik, automobilek poliki zirkulatu beharko dute, eta errepidearen galtzada berezia izango da. 

Arizmendi Ikastolako San Viator handi ikastetxea dagoen lekuan hasiko da errepide berria, Arrasate pasealekuaren goiko alderaino. 

Parkea ere bai

Errepide berria zabaltzeaz batera, orube berean parkea ere eraikiko dute; txikia izango da, baina jarleku eta umeendako jolas batzuk, eta besteak beste, iturria izango ditu. Eta obra aprobetxatuta, abade etxerako sarrera berritu egingo dute, sarrera hori bere horretan utziko dute-eta.

Aurrekontuaren %65

Proiektu horrek 713.400,16 euroko aurrekontua dauka (800.000 euro pasa BEZarekin), eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du %65 (463.710,10 euro), Hiriber-Hiriak Berritu izeneko programaren bitartez (E planaren antzerakoa). Abuztuan argitaratu du Jaurlaritzak Arrasaterako onartutako laguntza.

Hiriber programaren baldintza da 2011ko abenduaren 31rako bukatuta egon behar dela proiektua. Hori horrela, berehala abiaraziko du Udalak bide berriaren lizitazio prozedura. 



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak