Gaurtik, festa giroan murgilduko da Arrasate

Miren Arregi Amasorrain 2009ko eka. 19a, 13:49
Udako solstizioarekin batera, San Juan bezpera eta San Juan eguna ditugu gainean, eta horrekin batera, Euskal Herriko beste hainbat lekutan bezala, Arrasaten ere, jaiak ospatuko dituzte. Nahiz eta jaiei ofizialki hasiera ematen dioten Makalaren igoera martitzenean, San Juan bezperan egingo duten, asteburua ekintzaz betea dator Arrasaten. Jai giroan murgiltzen joateko, aukera ezin hobea.

Makalaren igoerak ematen die ofizialki hasiera Arrasateko San Juan festei, eta hori, urteko egunik luzeena den San Juan egunaren bezperan izango da, martitzenean hain justu. Espero dezagun, aurtengoan, iaz baino finago ibiltzea herriko plazan makala zuzentzerakoan, eta arriskuaren itzala Arrasatetik ez igarotzea. Horretaz gain, eguraldiak laguntzen badu, hobe baino hobeto!

Baina, nahiz eta martitzenean hasiko diren jaiak ofizialki, gaurtik hasita, era eta adin guztietarako ekintzak izango dira herrian. Musikak hartuko du gaur protagonismoa, Arrasate musikaleko, eta Goikobalu gazte eta txiki abesbatzen emanaldiarekin. Bihar, zapatua, Motorreroen eguna egingo dute. Inskripzioa, Laubide plazan egin beharko da, eguerdiko ordubietan. Arratsaldean, berriz, haurren danborradan irtengo dira herriko umeak, arratsaldeko zazpietatik aurrera, eta Arrasate musikaleko musika bandak lagunduta. Domekan, berriz, Uarkape pilotalekuan, profesionalen arteko pilota partiduak jokatuko dira. Partidu nagusian, Martinez de Irujo eta Beroiz, Gonzalez eta Paskualen kontra arituko dira.

Eta asteleheneko atsedenaren ostean, martitzenean, egun handia izango da, San Juan bezpera hain zuzen. Lehnik, Makalaren jasotzea egingo dute herriko plazan, makalarekin herriko kalean zeharkatu ostean. Zazpiterdietan, herriko parrokian, Salve Solemnea egingo da. Gaueko 9:30ean, hasiko da errementari dantza, eta ondoren, San Juan suaren bueltan bilduko dira herritarrak. Horren ostean, bihar haurrenarekin egin moduan, danborrada nagusia aterako da.

San Juan egunean, berriz, Monterron parkean eskainiko du kontzertua Arrasate Musikaleko Musika Bandak. Horri, eguerdiko ordubatean izango da. Egun horretan, arratsaldean, bigarren sexmetraia bikoizketa lehiaketa egingo dute gaztetxean, eta zazpiterdietan, Mexikotik datozen Dolores San Juan eta Mariachi tekileño taldearen eskutik kalejira egingo da.

Hori, eguaztenari dagokiona, baina eguenean ere jarraituko du jaiak, eta besteak beste, Eguzkilaruri ongi etorria egingo diote herriko ume eta gaztetxoek. Umeek jaiarekin jarraitzeko, Pirritx Porrotx eta Marimotots pailazoek ‘piratak’ ikuskizuna aurkeztuko dute Monterron parkean.

Datorren zapatura arte iraungo dute jaiek, eta tarte horretan, aipatutakoez, gain, beste hainbat ekintza izango dira herrian. Beste barik, disfrutatu ahal bezain beste, aurtengo San Juanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak