Osterantzean, "eskapularioa janztea" garrantzitsua dela gogora ekarri eta herritarrei eta kanpotarrei ondo pasatzeko mezua helarazi gura die Komisiñuek.
Eskapularioaren harira, gaurtik (egubakoitza) aurrera herriko tabernetan erosi ahal izango dira (euro bi). Eta berandutzen zaionak, berriz, Maritxu egunean bertan izango du horretarako aukera, "parrokian, Arbolapetan edo Monten salduko ditugu, eguerdi eta arratsaldean. Bigarren urtea da eguerdian ere salduko dugula; iaz hasi ginen, ikusita jaia eguerdira arte zabaldu dela. Emaitzarekin gustura geratu ginen eta aurten ere eguerdi zein iluntzean, bietan salduko ditugu".
Bestalde, aurtengo jaia iragartzen duen kartela ere gaur hasiko gara ikusten kale eta tabernatan. Maialen Egues arrasatearrak egindakoa da.
Egitarauari dagokionez, gaurko egunari begiratuta, 18:30ean hasiko dira Nobenaixuko ekitaldiak: "Maritxu Kajoi azpian, umore onaren truke, musu-truk, Arabako errioxar ardoa eta gazta herritarren artean banatuko du Komisiñuek". Eta gero, 20:00etan Komisiñuen "inbutu preziatuak" entregatuko dituzte. Aurten hiru lagun omendu behar dituzte: Marga Merkader, Itziar eta Xeli Arregi, Arrasateko euskal dantza taldeen arduradun eta irasleak; "herrigintzan eta kulturgintzan egindako lanarengatik egingo diegu omenaldia". Lore Gazteak eta Arrostaitz dantza taldeen sortzaileak izateaz gain, 70eko hamarkadatik dabiltza hiru emakume horiek boluntario lanak egiten dantza taldeetan.
Maritxu Egunari berari dagokionez, berriz, besteak beste, 20:30ean lore eskaintza egingo diote Maritxu Kajoiri, Astondoaren su artifizialen indarrak lagunduta eta 00:00etan, Neguri Gorriak musika taldeak kontzertua egingo du, Monterrongo txosnan.