Gaurko eta lehengo 'konpromiso jeltzalea', ehun urtez Batzokian

Jon Berezibar 2008ko abe. 5a, 14:10
Alderdiaren egungo buruzagiek bete beharko lukete asteon herriko jeltzaleen agenda baina eguazteneko atentatuak bertan behera utzi zuten eguaztenean Izaskun Bilbaoren berbaldia eta gaur ez da Joseba Egibar etorriko arrazoi berarengatik. Afaria ere bertan behera geratu da. Batzokiak Arrasaten 100 urte bete dituela ospatzeko, herriko alderdikideek Jose Ramon Beloki izan dute Batzokian, hala ere, asteon. Izan ere, gaurko zein iragandako historiarekin estuki lotutako 100 urteak ospatuko dituzte horrela.

Bat dira herriko bilakaera eta alderdiaren ibilbidea, hain zuzen, 6 alkate izan ditu EAJk gurean. Alkateak, zinegotziak, oinarriko alderdikideen lana eta mende bateko historia luzea. Alderditik bertatik esan moduan "100 urteko konpromiso jeltzalea", herriko kideek eurek azaltzen dutenez.

Loraldia, II. Errepublikan

Karlistak eta liberalak ziren joandako mende hasieran nagusi Arrasaten eta abertzaleek eraso gogorrak jasaten zituzten. Egoerarik latzenean ere jeltzaleek aurrera egitea erabaki zuten eta Arrasaten Esteban de Garayk hartu zuen buruzagitza. Gipuzkoan 5 herrik bakarrik zeukatek herri-ordezkaritza izateko jelkide nahikoa, Bergarak barne.  Udalbatzara heldu zen lehen jeltzalea Esteban de Garay izan zen 1906an eta bi urte geroago, orain dela 100 urte baita ere, zabaldu zuten lehen Batzokia, lehen Banco Guipuzcoano zegoen eraikinean, frontoi eta guzti. Jeltzaleen ideia eta asmoak sakon zabaldu ziren herrian, izan ere, 1912an alkate aukeratu zuten De Garay. 1923an beste jeltzale batek hartu zuen alkatetza, Mariano Adan de Yarzak, hain zuzen.

Diktadurarekin, etena

Jazarpena etorri zen Primo de Riveraren diktadurarekin eta Batzokiak itxi zituen, jeltzaleak isilekotasunera eta erbestera bultzatuz. II. Errepublikara arte ez zen gertatu Arrasateko EAJren bigarren loraldia. Herriko egungo jeltzaleek azaltzen dutenez, "gazte asko abertzaletasunaren egitasmora batu ziren" eta SOV/ELA sindikatua, Euzko Gaztedi Mendigoixale Batza edota Emakume Abertzale Batza taldeak sortu zituzten. Benetako loraldia izan zela aitatzen dute jelkideek EAJ eta EGIren zilarrezko urteurrena ospatzeko ekitaldietan Irujo, Agirre, Montzon edota Lauaxeta moduko gizon garrantzitsuek hartu zuten-eta parte. Urrezko urte horiekin errotik amaitzera, baina, Francoren altxamendua etorri zen, "abertzale askok euren biziekin ordaindu" zutena. Garai makur horietan diktaduraren azken urteetan hasi ziren argi apur bat ikusten. Orduan bilerak Frantziskotarrenean egiten zituzten.

Gaur egun

1979an itzuli zen alderdia boterera Jose Antonio Ardantzarekin, 21 udal ordezkaritik 11 lortuz.  Alderdiaren banatzea aipatzen dute jeltzaleek azken urteetako egoerarik latzena moduan baina 100 urte beteta ere, sorrerako printzipioei "zintzo jarraitzen" dietela azpimarratzen dute: "Euskaldunon aberria Euskadi da". Aberria, eta hiruko ardatza: "bakea, normalizazio politikoa – erabakitzeko eskubidea barne – eta gizarte-justizia. 

Lau batzoki egon dira Arrasaten

Lehena Portaloian egon zen, Banco Guipuzcoanoren eraikinean; 1908ko abenduaren 5ean ireki zutena: ehun urte beraz, gaur. Egoitza hartan gauzatu zen Arrasateko EAJren loraldia eta makina bat ekintza kultural zein politiko egin ziren bertan, frontoia eta guzti zeukan-eta. Frankoren garaiko azken urteetan Frantziskotarren komentuan egiten zituzten bilerak. Diktaduraren ostean, urte batzuk Maixor etxeko behe baten egin zituzten, eraikitzaile batek lagatako lokal baten Naroki dendako eraikina erabili zuten ondoren Batzoki modura gaur egungo eraikinera aldatu zirenera arte. 1980an egungo egoitza ireki zuten eta hain zuzen, datorren urtean beteko ditu 30 urte egoitza horrek. Herriko EAJren egoitzarik zaharrena da Iturriotz kalekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak