PSE-EEko zinegotzia izandako Isaias Carrasco tiroz hil zuten hauteskundeen bezperan eta minez betetako uneak bizi izan dira egubakoitzetik Arrasaten. Alderdi politikoek zein herritarrek gogor salatu dute atentatua.
Hileta-elizkizuna
Zapatu arratsaldean, plazan bildutakoen txalo artean, herriko zinegotzi eta kide sozialistek hartu zuten hilkutxa, eta azkenik, Isaias Carrasco zenaren senitartekoek sartu zuten elizara. Udaletxeko osoko bilkuren aretotik elizaraino, gazte sozialistek zeramaten lore koroen atzetik egin zuten bidea.
Senide eta politikariez gain, asko izan ziren bertaratu ziren herritarrak. Juan Maria Uriartek, Donostiako gotzainak esan zuen meza, eta ETAri exijitu zion behin betiko desagertzeko: "herri honek ez du nahi, ezin du, egoera honen gaineko etsia hartu, eta ETAri exijitzen dio behin betiko desagertzeko" esan zuen Uriartek. Lepo bete zen San Joan Bataiatzailearen eliza, eta ehunka pertsonak kanpotik entzun zuten meza, horretarako propio ipinitako bozgorailu batzuen bitartez. Komunikabideak ez ziren sartu ez hil kaperan eta ez eliza, familiak hala eskatuta.
Kontzentrazioa zapatuan
Zapatu eguerdiko kontzentrazioan, milaka herritar batu ziren Arrasateko plazan, Carrascoren hilketa gaitzesteko. EAEkoak izan ezik, alderdi guztietako ordezkariak izan ziren: besteak beste, PSOEko buruzagiak, Maria Teresa Fernandez De la Vega presidenteordea, Manuel Chaves Andaluziako presidentea, Javier Ares edo Diego Lopez Garrido. Beraiekin batera, esan bezala, beste alderdietako politikoak: EAJren aldetik Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria, Iñigo Urkullu, Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramalea, Andoni Ortuzar, Joseba Egibar edo Josu Jon Imaz EBBko presidente ohia; PP alderdiko Maria San Gil, Eusko Alkartasunako Unai Ziarreta presidentea eta Rafa Larreina EAko parlamentaria; Aralarreko Aintzane Ezenarro; Gaspar Llamazares IU-EBko Idazkari Orokorra; Candido Mendez UGTkoa eta abar luze bat. Egubakoitzean Arrasaten izan ziren Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoy Espainiako gobernurako hautagaiek ez zuten parte hartu kontzentrazioan. Edozein modutan, herritar anonimo pilo batek bat egin zuen deialdiarekin bat eta Arrasateko plaza jendez lepo egon zen. Komunikabide ugari izan dira Arrasaten, gertatutakoaren berri ematen.
Alabaren hitzak
Ordu laurdeneko kontzentrazioaren ostean, Isaias Carrascoren alaba nagusiak, Sandrak, agerraldia egin du komunikabideen aurrean, Manuel Chavesen babesarekin. Zera adierazi du: Arrasateko herriari bihotzez eskertu nahi diot emandako laguntza. Gure amarekin eta anai-arrebekin izan duten jarrera eskertzekoa da momentu latz hauetan. Sozialisten babesa eskertu nahi dut baita.
Askatasuna, demokrazia eta ideia sozialistak defenditzearren hil dute gure aita. Hil dutenak koldar batzuk baino ez dira, eta nire aita aurpegia eman zuen gizon ausarta zen. Batez ere zera eskatu nahi dut: nire aitaren erailketa ez dezala inork manipulatu. Hori ez dugu inondik inora onartuko. Puta-seme batzuk dira. Gainerako alderdiek gogor salatu dute atentatua, ekintza ETAri leporatuz eta atzokohauteskundeetan parte hartzeko deia eginez.
Gaur, esan bezala, atentatua gaitzesteko elkarretaratzea egingo da udaletxe aurrean 12:00etan. Arratsaldean, manifestazioa izango da Arrasaten, 19:00etan plazatik abiatuta.