"Gaur egun mozkor gutxiagok egiten dute korrika entzierroetan"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko ekainaren 30a

Gurean ez da batere ohikoa Blas Cruz arrasatearrak txikitatik duen zaletasuna. Errekortadorea da Cruz, hots, zezen eta bigantxen artean pasatzen du bere aisia. Euskal Herriko errekortadoreen elkartean sartu zen duela zazpi urte, eta orduan hasi zen zaletasuna serioago hartzen. Atzean utzi berri ditugun San Juanetan hartu zuen esku, urteroko ikuskizunean –San Juan egunean–. Egubakoitzean txikienekin izan zen plazan, errekortadoreen eskolan.

Noiz eta nola zaletu zinen zezen eta bigantxen mundura?
Txikitatik datorkidan zaletasuna da. Auzoko jaietara Gorriti izeneko Zumaiako abeltzaina etortzen zen eta ezin hobeto pasatzen nuen zezentxoekin.
Hala ere, orain dela zazpi urte hasi nintzen zaletasuna serioago hartzen, 20 urte bete nituenean. Orduan hasi nintzen lehiaketetan eta ikuskizunetan parte hartzen.

Zer da mundu horretatik gehien erakartzen zaituena? Zer da politena?

Niri dena gustatzen zait, ezingo nuke jarduera bakarra aukeratu. Entzierroak, bigantxak, lehiaketak, abereekin ibiltzea... Behin zaletasuna hartuta, guztia dut gustuko. 

Entrenamenduak oso garrantzitsuak izango dira, ezta? Nola entrenatzen duzue?
Abeltzainek behiak probatzen uzten digute, ateak itxitako zezen plazetan; Tolosan, esaterako. Bestalde, ganadutegietan ere ibiltzen gara, Nafarroa eta Zaragoza aldean. Eta herriz herri egiten ditugun ikuskizunek ere entrenatzeko balio izaten digute.
Eta, jakina, fisikoki ondo egon behar garenez, bakoitzak bere kabuz ere egiten du kirola.

Errekortadoreen eskola sortu zenuten orain urte batzuk. Zein da helburua?

Iñigo Almortza bergararra da ekimen horren bultzatzaile nagusia. Helburua etorkizuneko errekortadoreak hezitzea da, eta horretarako gezurrezko zezenak edo bigantxa txikiak ateratzen ditugu zezen plazara. Horren harira, zezen munduarekiko zaletasuna zertxobait jaitsi dela esango nuke; hau da, gaur egun, oro har, mozkor gutxiagok egiten dute korrika entzierroan eta zezen plazan.

San Juanetan urteroko ikuskizuna egin zenuten. Ohiko ikuskizuna izan al zen? Edo zerbait berezia prestatu zenuten?
Ez genuen ezer berezirik prestatu, Euskal Herriko errekortadoreok egiten dugun betiko ikuskizuna izan zen. Bi alde ditu: alde serioa eta alde komikoa. Alde serioan zezenari adarretan uztaiak sartu eta jausiak eta errekorteak egiten ditugu. Alde komikoan, bestalde, behiak engainatzeko hainbat ariketa egiten ditugu.

Zaletasun arriskutsua da zurea. Ezusteko eta kolpe asko?
Bai, kolpeak ez dira falta, hori beti dago hor. Baina kolpe horiek ondo eta asko entrenatzen ekiditen dira; izan ere, errekortadore izateko fisikoki oso ondo egon behar da eta gorputza asko zaindu beharra dago.
Eta ez kolpeak bakarrik, adarkadak ere izaten dira. Hemen legeak zezenen adarrak babestuta egon behar dutela dio, baina Nafarroan, adibidez, zezenen adarrek ez dute inongo babesik. Eta puntan dauden adarrekin gauzak oso ezberdinak dira; horrekin kontua handia izan behar da. 
Eta etorkizunera begira, zezenak zoratzen jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, noski. Gorputzak uzten didan bitartean ibiliko naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak