Garaipenaren gola eginez utzi du futbola 'Keixi'-k

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko mai. 23a, 20:32
Zapatuko derbiko protagonista nagusia Ander Bereziartua 'Keixi' izan zen. Mondra eta Bergararen arteko lehiak ez zuen emoziorik izan; bi taldeek ezer ez zuten jokoan eta ondorioz hori nabaritu egin zen zelaian. Hala, partiduko omenduak hartu zuen protagonismoa Mojategin.

Partiduaren erritmoa Bergarak hartu zuen hasieratik. Zelai erdian nagusitu egin ziren Manu Diazen mutilak eta aukera garbirik sortu ez zituzten arren, mahoneroendako izan ziren aukera apur bakarrak lehenengo minutuetan.

Ikusteko joko eskasa

Etxekoen lehenengo aukera Muruak izan zuen. Eskuin hegaletik erdiratutako baloia buruz jo, baina baloia zuzenean atezainaren eskuetara joan zen.
35. minutuan egin zuen Mondrak gola. Area ertzean adierazitako falta Keixi-k jaurti zuen, eta baita gol bikaina lortu ere. Eguna borobiltzeko modu paregabea izan zen Arrasateko erdilariarendako gola egitea.
Aldagelatik bueltan bi entrenatzaileek hainbat aldaketa egin zituzten. Hala ere, partiduaren nondik norakoan ez zen nabaritu. Bergarak ondo eutsi zuen erdialdean eta gola egiteko aukerak sortu zituen arren, mahoneroak ez ziren gauza izan Mondraren atea hausteko.

Penaltia

Partiduko 70. minutuan bergararrek Martini egindako penaltia eskatu zuten; epaileak, baina, Bergarako aurrelariak bere burua bota zuela esan eta ez zuen ezer adierazi. Jokaldi haren ondorioz Martinek zelaia utzi behar izan zuen lepauztaian min hartuta eta ospitalera eraman behar izan zuten. "Penalti garbia egin diote; jokalari batek bere burua botatzen duenean ez du minik hartzen", esan zuen haserre Manu Diaz entrenatzaileak partidu amaieran.

Epailearen lanarekin haserre

Penaltian, eta orokorrean, partidu guztian epaileak izan zuen jarrera salatu zuen Bergarako entrenatzaileak. Mahoneroek gogor lan egin zuten arren, azkenean esku hutsik itzuli behar izan zuten Arrasatetik.
"Gu Mondra baino gehiago izan gara eta aukera gehiago izan ditugu, baina gola eurek egin dute", adierazi zuen Diazek. Gainera, epailearen lana kritikatu zuen eta, beste behin, "epailearen erruz" galdu dutela esan zuen Bergarako entrenatzaileak.

Agurren arratsaldea

Azken urteetan Mondrako kapitain izandako Keixi-k futbola utziko du. Hala, zapatuan etxekoen omenaldia jaso zuen. Partidu hasieran Muxi, Argider Arana eta Rubenek aurreskua dantzatu zioten Mondrako 10ari. Ondoren Patxi de Andres presidenteak oroigarria eman zion; eta, Iker Laspiurrek jokalari guztiek sinatutako kamiseta. Keixi "oso pozik" zegoen egin zioten omenaldiarekin. Gainera, partiduko gola egin zuen: agurra borobiltzeko modu ezin hobea. Aurrerantzean futbolaren harremanetan jarraituko ote duen galdetuta, oraingoz ezetz, aste bukaera "lasaiak" izan gura dituela esan zigun Keixi-k.

Azkargorta

Andoni Azkargortak ere taldea utziko du; zapatukoa etxeko azkeneko lehia izan zuen Azkargortak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak