Garagartzako ortuen banaketa zela egin aztertuko dute bihar, osokoan

Ubane Madera 2009ko eka. 3a, 13:38
Nagusiendako jangela zerbitzuaren araudia, Garagartzako ortu ekologikoen adjudikazioa aginduko duen baldintzen agiria eta gizarte larrialdietako egoeren zerbitzuaren araudia aztertu eta onespena eman edo ez erabaki beharko dute zinegotziek biharko (eguena) osoko bilkuran.

Horrez gainera, politikarekin lotutako bost puntu ere badituzte gai-zerrendan zinegotziek. Batetik, alderdi sozialistaren udal taldearen bozeramailearen aldaketaren berri emango dute eta horren ondorioz Udaleko hainbat batzorde informatibotan izango diren sozialisten ordezkarien aldaketaren berri ere emango dute.

Bestalde, Ezker Batua Berdeak/Zutik udal taldeak izena aldatuko duela ere jakinaraziko dute. Izan ere, Ezker Batuako Arrasateko ordezkariek erabaki dute alderdian sortu zen korronte kritikoarekin bat egin eta Alternatiba izeneko taldera pasatzea. Horrekin lotutako puntua izango da osokoan landuko dutena.

Bi mozio

Horrez gainera, Eusko Alkartasunak mozioa aurkeztuko duela iragarri du, udal lege baten aldeko mozioa. Eta bukatzeko, Portaloira Topaguneak presoen sakabanaketa politikari buruzko mozioa aurkeztuko du.

Halakoak eta beste, esandako moduan, landuko dituzte biharko osoko bilkuran. Hitzordua da 19:00etan. Osoko bilkurak izaera publikoa dauka, beraz, interesa duen edozein joan ahal da.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak