Obra Saileko iturriek emandako informazioaren arabera, obrak abuztuaren amaieran edo irailaren hasieran hasi gura dituzte. Behin hasita, pare bat hilabetean bukatuko dituzte; horrek esan gura du urriaren bukaerarako amaituko dituztela. Egin beharreko inbertsioa, berriz, da 465.572,89 euro.
Hain zuzen ere, asteon onartutakoaren arabera, 87 ortu ekologiko egokituko dituzte Garagartza auzoko partzela batean. Ortu bakoitzak izango ditu 50 metro karratu. Aldapan eraikiko dituzte ortuok, baina malda txikia duen aldapan.
Ortuekin batera, aldagelak ere egokituko dituzte, ortuen erabiltzaileendako. Eta bestelakoen artean, ura batzeko biltegiak eta ongarriak gordetzekoak egingo dituzte eta argindarra sartuko dute.
Behin ortuak eginda, ortuok herritarren artean banatuko ditu Udalak. Baina oraindik ez du erabaki zela. Hau da, ortuak banatzeko irizpideak finkatu barik daude. Aurreikusitako egutegiaren arabera urrirako finkatuko dituzte irizpideok, ortuak bukatzen dituztenerako.
Makatzena eta Uribarri
Bestalde, Garagartzako ortuak egiten dituztenean, Makatzena eta Uribarri auzoetan dauden ortuak kentzea dute aurreikusita. Udalean duten inbentarioaren arabera, 135 ortu daude bi auzo horietan. Dena den, datorren urtera arte behintzat, ez dituzte ortuok kenduko; sikiera aurtengo uzta batzen utziko dietela esan dute Udaleko iturriek.