Ganbara Gazte abesbatza gonbidatu du Goikobaluk urteurren ospakizunetarako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko aza. 5a, 11:15
Goikobalu abesbatzak aurrera darrai urteurren ospakizunekin. Bihar, egubakoitza, aspalditik bidelagun duen Oñatiko Ganbara gazte abesbatzak kontzertua eskainiko du San Juan Bataiatzailea elizan (20:00).

Arrasateko abesbatza urteurren ospakizunetan murgilduta jarraitzen du. Goikobaluk 20 urte bete ditu aurten; Goikobalu Txikik, berriz, 15 urte. Eta noski, halako urteurrenek ospakizuna merezi dute; batetik, orain arteko ibilbideari omenaldi bat egiteko, eta bestetik, halako ospakizunek eragin ohi duten taldearen indarberritzea aprobetxatuz, aurrera egiteko.
Hala, urteurreneko egitarauari erraparatuz, bihar, egubakoitza, izango da aste honetako zita. Izan ere, Goikobaluk aspalditik bidelagun duen Oñatiko Ganbara Gazte abesbatza izango du gonbidatu. San Juan bataiatzailea elizan izango da kontzertua 20:00etan.

'Errepertorio interesgarria'
Aitor Biain Ganbara Gazte abesbatzako zuzendariak jakinarazi duenez, "oso pozik" daude Goikobaluren urteurreneko ospakizunetan esku hartuko dutelako. Kontzertua bi ataletan banatu dute: lehen zatiak elizako musika izango du oinarri, eta Biainek aurreratu duenez, "saio polifonikoa" izango da. Hots, denetariko erregistroak entzun ahalko dira. Kontzertuaren bigarren partea, aldiz, oso bestelakoa izango da. Hala deskribatu du Biainek: "Oh happy day formatua izango du; modernoa eta ezberdina izango da, eszenifikazio ikusgarriarekin. Horretarako "errepertorio interesgarria" prestatu dutela gaineratu du gazte abesbatzako zuzendariak.

Bi kontzertu gehiago
Datorren zapaturako, hilak 14, Errenteriako Orereta abesbatza gonbiadatu du Goikobaluk. Azkenik, hilaren 20an helduko dira ospakizunak puntu gorenera: orduan Goikobaluko talde guztiek batera egingo dute kantuan, estreinaldi eta guzti.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak