Galdara eraginkorren fabrika inauguratu du Mondragonek

Mireia Bikuña 2008ko urr. 2a, 18:09

Mondragonen eta Whisper Tech Limited enpresaren elkarlanari esker Efficient Home Energy (EHE) enpresaren eraikin berria inauguratu zuten martitzenean. Mondragon Taldeak kapitalaren %60 menderatzen du, eta Zeelanda Berriko Meridian Energy konpainiaren filialak gainerako %40a. WhisperGen izeneko galdara eraginkorrak egiten dituen 2.700 metro koadroko fabrika Tolosan dago.

Proiektu berriarekin, Mondragonek energiaren sektorean bertako enplegua indartu gura du. Hala, 2009ko ekitaldirako 15 milioi euroko fakturazioa eta 30 petsonarendako enplegua bermatzea aurreikusten du. Horren harira, bost urte barru, 2013. urtean,  200 pertsona baino gehiagorendako lanpostuak eta 300 milioi fakturatzea espero dute.

Galdara eraginkorrak

Enpresa berrian berotasuna eta elektrizitatea konbinatu eta masiboki ekoizten duen WhisperGen izeneko galdarak egingo dituzte. Sistemak etxeko berokuntza eta ur beroko beharrak asetzen dituen berokuntza galdara eraginkor batek bezala funtzionatzen du; eta, aldi berean, elektrizitatea sortzen du: etxean bertan erabiltzeko edo elektrizitate sare orokorrera eroateko. WhisperGen-ek abantaila handiak eskaintzen dizkio erabiltzaileari eta ingurumenari; besteak beste, etxe baten energiaren kostu osoa %20 baino gehiago murriztuko du, gaur egun indarrean dauden sistema konbentzionalarekin alderatuta; eta CO2 emisioak nabarmen murrizten lagunduko du: etxe eta urte bakoitzeko tona bat inguru. Hortaz, sistema berriak merkatu askotan berokuntza galdara tradizionalak ordezkatuko dituela espero dute Mondragoneko eta Meridian Energy konpainiako arduradunek.
Egun, 400 WhisperGen sistema baino gehiago daude instalatuta; besteak beste, Alemanian, Erresuma Batuan, Holandan eta Frantzian. Era berean, asko dira euren herrialdeetan galdara eraginkor berriak banatzeko interesa agertu duten energi banaketako enpresa eta berokuntza sistema instalatzen duten enpresak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak