Gabonetako saskibaloi txapelketa martxan

Edu Mendibil 2009ko abe. 28a, 15:21
Bigarren urtez, junior mailako saskibaloi txapelketa antolatu du Ointxe elkarteak. Gaur goizean, bigarren jardunaldian, Euskadiko selekzioa eta Peixelago talde galiziarra izan dira aurrez aurre. Iazko ekitaldiko txapeldunak dira galiziarrak eta bigarren urtez txapelketa irabaztera datozela argi utzi dute, Euskadiri 15 puntuko aldearekin irabazita (76-61). Atzo Errioxako Clavijori menderatu ostean (87-76), MUk Guadalajarako Rayet taldearen aurka jokatuko du gaur Iturripen, 18:00etan.

Lehenik eta behin Arrasaten lehiatzen den Euskadiko selekzioa kadete mailakoa dela eta gainerako taldeak berriz junior mailakoak, adinean eta altueran nagusiagoak direla esan beharra dago. Gauzak horrela ulergarriagoa da azken emaitza. Esan bezala, 15 puntuko aldearekin, 76-61 emaitzarekin, irabazi du Peixelago talde galiziarrak.

 Lehen laurdenean aurretik jarri da Iñaki Merinok eta Xabier Igartua oñatiarrak zuzendutako taldea. 22-19 aurreratu da Euskadiko selekzioa baina bigarren laurdenean bost puntu besterik ez dituzte egin eta hirugarrenean erabat apurtu dute partidua galiziarrek. 18 puntuko aldearekin joan dira markagailuan, 58-40, eta Euskadikoek ezer gutxi egin izan dute galiziarren altuera nagusitasunaren aurrean.

Partiduko azken zatian aurretik lortutako abantailari arazorik gabe eutsi diote Peixelago taldeko jokalariek. Galiziarren partetik Jon Ander Aranburu euskalduna izan da partiduko onena. 20 puntu lortzeaz gain, 13 errebote eskuratu ditu Aranburuk. Chicho Sibilio 1980ko hamarkadako jokalari ohiak bultzatutako Regenera.com gobernuz kanpoko erakundeak babestutako taldea da galiziarra eta, besteak beste, Georgiako eta Dominikar Errepublikako jokalariak dituzte. Zalantzarik gabe, txapelketa eskuratzeko faboritoen artean dugu Pontevedrako Peixelago taldea.

Gaur goizeko beste partiduan Guadalajarako Rayet taldeak 72-66 irabazi dio Erriioxako Clavijori. Gaur arratsaldean beste bi partidu jokatuko dira, 16:00etatik aurrera: Cornella-Peixelago eta MU-Rayet. Arrasatearrek Guadalajarakoei irabazi beharko diete finalerako sailkatzeko. Finala bihar eguerdiko 12 terdietan jokatuko da Iturripen eta aurretik beste bi partidu jokatuko dira gainerako postuak erabakitzeko. Etorkizuneko jokalariekin gozatzeko aukera duzue beraz Iturripen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak