Gabonetako gazte mailako saskibaloi txapelketa aurkeztu dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko abenduaren 22a

Saskibaloia gustuko duzuenok aukera paregabea duzue Gabon egun hauetan saskibaloiaz gozatzeko. Azkeneko urteetan gero eta indar gehiago hartzen dabil Ointxek antolatzen duen gazte mailako txapelketa. Hala, datorren domekatik martitzenera bitartean Euskadi, Galizia, Bartzelona, Logroño eta Guadalajarako saskibaloi taldeak izango ditugu gurean.

Sei talde lehiatuko dira nor baino nor gehiago abenduaren 27an, 28an eta 29an Arrasateko Iturripe kiroldegian. Ointxe saskibaloi taldeak antolatuta, Gabonetako gazte mailako bigarren txapelketa jokatuko dute. Bi taldetan banatuta, sei taldek jokatuko dute; hala, talde bakoitzean denek denen aurka jokatuko dute, eta, ondoren, onenek jokatuko dituzte finalerdiak eta finala. Finala abenduaren 29an, 12:30ean izango da.

Saskibaloi egokitua

Txapelketaz gain, beste hainbat ekimen antolatu dituzte saskibaloi elkartekoek. Aipatzekoa da, abenduaren 27an, arratsaldeko 17:00etatik aurrera egingo duten jardunaldia. Egokitutako saskibaloiaz jardungo du Iñaki Ibarreta saskibaloi jokalari ohiak eta ondoren maila goreneko partidu bat ikusteko aukera egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak