Horrekin batera, frankismoa epaitzeko proposamena ere babestu du. Dio 40 urtean “hilketa, tortura eta lapurreta ugari” egin zituztela; errepresio hori “antolatua, planifikatua eta baimendua” izan zela; pertsona zibilak izan zirela “hil eta desagertu zituzten” gehienak eta inoiz ez zaiela eskatu “kriminal horiei ezelako erantzukizun politiko ez judizialik”.
Horiek guztiak gizateriaren aurkako krimenak direla aitortzen du adierazpen instituzional horrek eta ondorioz, diote krimen horien preskribaezintasuna mantendu egiten dela. Hala, adierazpen horren bitartez, eskatzen dute frankismoari epaiketa penal eta historikoa egitea.
Eta epaiketa hori egin ahal izateko, 1936ko gerran fusilatu eta desagertutakoen senide eta lagunak, atxiloketen lekuko izan zirenak euren testigantzak emateko gertu daudela azaldu zuten. Bukatzeko, ekimen horiek guztiek izan ditzaketen gastuak ordaintzen laguntzeko konpromisoa hartu zuen Arrasateko Udalak.
Biktima edo biktimen senide ugari, aretoan
Osoko bilkuren aretoan herritar eta inguruko bizilagun mordoska batu zen. Debagoieneko Fusilatuen Senitarteko eta Lagunen Batzordeak deituta, gehienak ziren frankismoaren biktima izandakoen senide edo lagunak.
Hala, haien izenean, Juan Ramon Garaik, elkarteko presidenteak gogora ekarri zuen “1936ko urrian eta azaroan, 62 zibil, haien artean lau abade eta bost emakume atxilotu” zituztela, Ondarretako kartzelara eraman zituztela eta “han epaile militar komandante Ramiro Llamasek ikusi zuen salaketa haiekin ez zela nahikoa haiek epaitzeko, eta sinatu eragin zien askatasuna, ondoren fusilatzeko”. Gogora ekarri zuen pertsona haiek “gure aita-amak, gure aittajaun-amandreak” zirela. Horien artetik, 28 lagun ziren Arrasatekoak. Guztien izenak irakurri zituen Garaik. Aretoan zeudenetako asko hunkitu ziren idatzi hori irakurtzerakoan.
Udalbatzarrak adierazpen instituzionala babestuko zuela ikustean, zutik ipini eta txalo artean hartu zuten albistea aretoan batu ziren herritarrek.