Hain justu, ez ohiko osoko bilkuran gai bakarra landuko dute: Frankismoaren biktimen aldeko Adierazpena egitea eta Francisco Franco Bahamonde Jenerala Arrasate herriko Ohorezko Alkate izendatuz Udalbatzarrak 1949ko abuztuaren 22an hartutako akordioa baliogabetzea.
Ohiko osoko bilkuran, berriz, politika kontuekin hasiko dute batzarra. Izan ere, ANVko kide ohiak Talde Mistora pasatzeko maiatzean hartutako erabakia behin betikoa izan dadila onartu edo atzera bota beharko du eguenean udalbatzarrak.
Horrez gainera, badituzte bestelako gaiak aurreikusita zerrendan. Adibidez, AGITAXek, Gipuzkoako Taxilarien elkarteak ikasturte berrirako proposatutako tarifak aztertu beharko dituzte. Arrasate Garatu izeneko udal sozietatea, etxeak, industria-guneak edo bestelako zerbitzuak bultzatzeko eratutako elkartea desegiteko puntua ere landuko dute.
Bestalde, aurrekontuarekin lotutako hainbat puntu ere landuko dituzte eta bestelakoen artean, azaroaren 25eko Adierazpen Instituzionala onartzeko proposamena ere mahai gainean izango dute zinegotziek, Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta.
Osoko bilkurek izaera publikoa dute, beraz, interesa duen edozein joan daiteke batzar horietara.