Franco dagoeneko ez da Arrasateko ohorezko alkate

Ubane Madera 2008ko aza. 7a, 14:41
Halaxe erabaki zuen atzo udalbatzarrak osoko bilkura berezian. Horrekin batera onartu zuten, baita ere, frankismoaren biktimen aldeko adierazpen instituzionala. Baina erabakia ez zuen aho batez hartu udalbatzarrak. Alde bozkatu zuten Talde Mistoak, Eak, EB-Zutik koalizioak, EAJk, Aralarrek eta alderdi sozialistak. Kontra bozkatu zuen, berriz, Itziar Lamarainek PPko zinegotziak.

Labur esanda, PPko ordezkariak azpimarratu zuen ados zegoela Francoren izendapena baliogabetzearekin; are gehiago, aditzera eman zuen hainbat Udaletan PPk bultzatuta egin zutela hori; baina horrekin batera gaineratu zuen ezin zuela babestu frankismoaren biktimen aldeko adierazpen instituzionala.

Batetik Lamarainek azpimarratu zuen horrekin bakarrik antzinako zauri bat zabaltzea lortuko dela. Eta benetan gura bada frankismoaren epaiketa penala egitea, horrek ekarriko lukeela arrasatearren arteko enfrentamendua, “senar-emazteen artean, guraso eta seme-alaben artean… azken batean guztiok garelako gerrako seme-alabak”.

Azpimarratu zuen, baita ere, frankismoaren biktimek badutela onartuta izaera politikoa, 1977ko Amnistiaren Legeak errekonozitu ziela izaera hori, eta behin baino gehiagotan jaso dituztela konpentsazio, pentsio eta errekonozimenduak.

Gainerako alderdien artean, EB-Zutik koalizioak, PSE-EEk eta Ino Galparsoro alkateak erantzun zien Lamarainen argudio horiei. Guztiek aldarrikatu zuten bazela garaia justizia egiteko eta frankismoaren biktimei dagokien errekonozimendua egiteko.

Lehen eta orain, antzera

Ino Galparsoro alkateak horrez gainera parekatu egin zituen sasoi haiek gaur egungoekin, sasoi haietan alderdi politiko eta pentsamendu askok jasan zuten errepresioa gaur egun beste hainbatek jasaten dutenaren antzerakoa dela esan zuen.

Aditzera eman zuen, baita ere, garai batean erreprimituak izan ziren batzuk gaur egun errepresioa aplikatzen dutela, eta frankismoaren garaian erreprimituak izan ziren askok defendatzen zituzten helburu berak defendatzen dituztela eurek gaur egun. Bestelakoen artean esan zuen, baita ere, Auzitegi Nazionala lehengo epaitegien soka bereko epaitegia dela.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak